Irungo emakumeen historia ezagutaraziko dute ibilbide interaktibo bidez
Irungo emakumeen lanbideak ezagutu edota hirian zeresana eman duten emakumeak ezagutzeko aukera izango da egitasmo horren bidez.
Irungo emakumeen historia ezagutzeko asmoz, Parean elkarteak egitasmo bat martxan jarri du: paseo interaktiboen bitartez, inudeen lana, urketariena ezagutzera eman edota Dolores Salis, Mentxu Gal edo Julia Iruretagoienaren historia ezagutzeko aukera izango dute partaideek.
Ibilbideetako bat Irungo emakumeen lanbideen paseoa izango da. Historian zehar emakumeen esku zeuden lanbideak errepasatuko dituzte, garai bateko Irunera jauzi egingo dute. Euskaraz zein gaztelaniaz nahiz idatziz zein audio bidez egin ahal izango da, eta irudi ederrak ikusteko aukera izango da.
Bigarren ibilbidea, berriz, Irungo emakumeak plazara da. Herriko historian zeresana eman duten emakumeen historia ezagutu ahal izango da. “Emakume horiek egin duten ekarpena” jaso nahi izan dute, “etorkizuneko belaunaldiek ezagutu eta ahantzi ez ditzaten”.
Horrez gain, hilaren 20a, ibilbide fisiko bat egingo dute, 11:00etan, San Juan plazatik abiatuta. Ibilbidea historiko kultural hori Mertxe Trancek gidatuko du. Partaidetza mugatua izango da, eta, horretarako, izena eman beharko da aurretik, posta elektroniko honetan. Oraingoz, paseo hori izan da antolatu duten bakarra, baina “behar izanez gero” gehiago egingo dituztela aurreratu du Parean elkarteak.