Lege burgesaren kontra kalera ateratzera deitu du Itaiak
Larunbaterako hitzaldia antolatu du, Palmera Monteron, asistentzia lanen sozializazioari buruz, eta, astelehenean, M8ko mobilizazioetan parte hartu du.
Martxoaren 8aren harira, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak bi ekintza antolatu ditu. Batetik, etzi, Emakume langileon ardura izatetik, asistentzia lanen sozializaziora hitzaldia antolatu du, 17:30ean Palmera Monteron. Bestetik, astelehenean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, epaitegien aurrean mobilizatuko da, 18:00etatik aurrera, Emakume langileon interesen defentsan lege burgesa borrokatu lelopean.
Emakume langilek egunero jasaten duten “miseria” salatu du Itaiak. Kapitalismoaren garapenean ez dutela hobekuntzarik lortu iritzi dio: “Lan harreman deitoragarriak dituzte, familia osoaren karga eta horri, gainera, bizi baldintzen okertzea gaineratu behar zaio krisiaren eraginez”.
Horren eraginez, urgentziaz emakume langileen interesen araberako proposamen bat aurrera ateratzea beharrezkotzat jotzen dute. Lege burgesaren kontra borrokatu behar dela azaldu dute, eta, horretarako, emakume langileen parte hartze aktiboa behar dela. Azkenik, emakume langien arteko elkartasuna eraikitzen, lan eta bizi baldintzak hobetzen eta gure gaitasun politikoak garatzen eta horiek antolakuntza komunistan integratzen lanean jarraitu behar dela aldarrikatu dute.