Errigorak udaberriko uztaren kanpaina hasi du Irunen
Larunbatean Nafarroako Erriberako ekoizleen produktuak probatzeko aukera izango da, Urdanibia plazan, 09:00etatik 14:00etara.
Udaberria ate joka dugun honetan, Erriberako uzta berria badator. Ildo honetatik, Errigoraren kanpaina abian da, baita Irunen ere, eta, larunbatean, haren produktuak dastatzeko aukera izango da Urdanibia plazan, 09:00etatik 14:00etara.
Errigora elikadura burujabetzaren alorrean ari da lanean, eta Nafarroako Erriberako produktuak komertzializatzen aritzen da, filosofia baten barruan: tokian tokiko ekoizleak, eskala txikian ekoitzitako produktuak eta produktu agroekologikoak, oro har.
Oliba olioa birjina estra (5 litroka), arroza, pasta eta kontserbak (12 ontzika) eska daitezke, euskaraz etiketatuta, eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Produktuak hilaren 24ra arte eskatu ahal izango dira Errigoraren webgunean edo telefonoz (848 87 12 23). Ondoren, produktuak apirilaren bigarren hamabostaldian banatuko dituzte eskaeran aukeratutako tokian, eta zehaztutako egun eta ordutegian. Eskaerak online eginez gero, aukera izango da ere eskaera jasotzerakoan ordaintzeko.
Oliba olio birjina estra lau motakoa eskaintzen dute: Arroitz, Arbekina, Pikual eta Enpeltre. Produktuei dagokionez, Lido arroza eta arroz zuri erdiluze ekologikoa. Pasta, berriz, makarroiak, albaka-fusili eta tagliatelle ekologikoak. Gainontzeko produktuak: zainzuriak, piperrak, orburuak, karduak, menestra, barazkiak, potxak, tomatea, txitxirioak eta kremak.