Udalekuetarako izen emate epea gaur irekitzen da
Hilaren 12ra arte egiteko aukera izango da udalaren webgunean edo HAZen bulegoan. Udalekuak uztailaren 5etik 30era eta abuztuaren 3tik 31ra izango dira.
Gaurtik aurrera, izena eman ahal izango da Solas Jolas udalekuetarako. Udalekuek “euskararen erabilera sustatzea” dute helburu, eta 2011tik 2016ra bitarte jaiotako haurrei zuzenduta daude. Udako bi hilabetetan egongo da martxan, uztailean, 5etik 30era, eta abuztuan, 3tik 31ra, goizez, 09:00etatik 13:00etara.
Izena esteka honetan edo HAZen bulegoan eman daiteke, 08:00etatik 20:00etara.
Onartutakoen behin-behineko zerrenda hilaren 22an argitaratuko dute, eta, ondoren, apirilaren 19tik 30era berriro egin beharko dute izen ematea, behin betikoa.
Irungo Udalaren arabera, osasun egoera ezegonkorraren eraginez, momentuko egoeraren arabera ezarriko dituzte neurri eta protokoloak. Familia guztiek izango dute horren berri
Zazpi ikastetxe
Honakoak dira aurten eskainiko dituzten ikastetxeak: Uztailean Belaskoenea, Dunboa, Elatzeta, Eguzkitza BHI, Lekaenea eta Toki Alai; abuztuan aldiz, Dunboa.
Prezioak aldiz, ondorengoak dira: familia unitateko kide bat 72,85 euro haur eta hilabete bakoitzeko; familia unitateko bi kide txanda berean 58,25 euro haur eta hilabete bakoitzeko; familia unitateko hiru kide txanda berean 43,70 euro haur eta hilabete bakoitzeko; familia unitateko lau kide edo gehiago txanda berean 29,10 euro haur eta hilabete bakoitzeko; RGI/DBEen onuradunentzako 18,21 euro haur eta hilabete bakoitzeko.