Emakumeentzako ahalduntze eskoletan izen emateko epea astelehenean hasiko da
Tailer guztiak maiatzean amaituko dira, eta ekintza guztiak Palmera Montero gunean egingo dituzte.
Lau ikastaro antolatu ditu Irungo Udalak, “Garai zail hauei aurre egiteko balioko duten ikastaroak dira” azaldu du Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak.
Edozein ikastaroetan izen emateko epea datorren astelehenean zabaldu eta martxoak 12an amaituko da. Inskripzioak udalaren orrialdean egin daiteke. Honako hauek dira Ahalduntze eskolak eskainiko dituen ekintzak:
Martxoaren 16tik maiatzaren 18ra, asteartero 17:00etatik 18:00tara, ‘Emakumeen ahalduntzerako mindfullness’ tailerra eskainiko du Clara Wolframek Palmera Monteroko bigarren aretoan. Emakumeen lasaitasuna, emozioen eta beharren arabera bilatzen laguntzen duen praktika dela azaldu du Etxebestek.
‘Nire baitan errotua’ ikastaroa Amaia Urieta terapeutak emango du. Martxoaren 17an hasiko da eta maiatzaren 19an amaitu. Gure buruarekin lotuta egotea zein garrantzitsua den oinarri hartuta, autoerregulazioa eta autoezagutza sustatzen saiatuko da Urieta.
Dantza egiteko aukera ere egongo da, ‘Mugizan: gorputz eta mugimendu’ tailerrari esker. Norbere gorputzetan gordetako emozioetara iristeko egingo dute dantza, eta klaseak Marina Santa Cruz psikologoak emango ditu. Apirilaren 12an hasiko da ikastaroa eta ekainaren 7an amaitu.
Urtero legez, ‘Autodefentsa feminista’ ikastaroan parte hartzeko aukera egongo da. Biolentzia matxistari aurre egiteko gaitasunak landu eta defentsarako erraminta psikologikoak irakatsiko dira. Emaginen esku egongo dira klaseak, eta martxoak 6 eta maiatzak 7 bitarte izango dira.