Sputnik batean bi maniki besarkatuta
Utz nazazue une batez haurren artean. Han behean, orbitan den eraikin honetatik bertan dagoen haur-eskolaren jolastokiko txoko batean jartzea baino ez dut eskatzen. Urrezko arnasaldia behar dute urgentziaz nire birikak ez diren nire beste birika guztiek behin egunetako itoaldia atzean geratu dela. Zaporerik ez duen gosariaren ondoren, goizero lez zabaltzen du leihoa bisaiarik gabeko erizainak eta umeen algaren zain geratzen naiz begiak itxita ohean geldi, erdi-lo, erdi-esna, amets goxoetan, amesgaiztoan.
Ziurtasun gutxiren jabe iritsi naiz zahartzarora. Hauxe nirekin dudan bakarretakoa: berdinak dira haurren algarak munduko bazter orotan, iguala den bezalaxe, desditxaz, irri eta uju aske zein askatzaile horiek desagertzearekin batera nabarmen gailentzen den helduon nonahiko zarata ergela, argudio hutsalez eta epaiketez jositako marrua. Birus kutsakorra zinez. Aspalditik gizarte osoa harrapatuta duen sare koipetsu baten osagai den amorraziozko germena.
Patologikoak gara espezie bezala, hortaz, iaioak patologiak sortzen. Errealitate den logika honi jarraituz, jakina da aurrerantzean infekzio, usteldura eta ustelkeria, eskizofrenia, sarraski eta manipulazio masiboen hazkundea eta agerpena ikusiko dugula, era guztietako gaitzak eta tragediak areagotuz, biologikoak, ekologikoak, psikologikoak, emozionalak, sozialak, laboralak… Hementxe, beraz, nirekin dudan bigarren ziurtasun bat: arrazoidun animalia izanik gizakia, inteligentea denik ezin esan, erabaki egokiak hartzeko eta jokabide aproposak aurrera eramateko gauza ez garenez apenas. Harroek eta kaskarinek defenda dezakete gure sapientia-ren eredugarritasuna, baina hamaika txertoren konbinaketek ere ez dute gure tximinotasuna eta bufoitasuna desagerraraziko; ez dut gure gizagabetze prozesuan talde immunitatearen lorpenaren itxaropenik, ez eta norbanakoaren askatasuna zein autoezagutza areagotzearena ere. Etorkizuneko kultura zerrien aska eta parke teknologiko baten arteko guneren batean gauzatuko da, merkataritza-zentro erraldoi batean seguraski, populazioaren gehiengoa erosketetan edota pantailaren bati begira ari dela.
Bakardadeak eta heriotzak ez naute kezkatzen nire zahartzaro pattalean, datozen umeek pairatuko dituzten bakardade eta heriotza mota anitzek baizik, gaurko izurriaren ondorioak. Humanismo sendoaren txertoa non ote?
Ez ditut algarak entzuten, goiza aurrera doa, minutuak, denbora, bizitza… Begiak zabaltzen ditut, burua altxa. Nekez, leihotik at begiratu eta han behean haur-eskola dakusat, isilik, mutu, euripean. Bai, euria ari du, euri madarikatua!
Iazko itxialdian gauaren erdian esaldi batekin esnatu nintzen ahoan: «Gu geu gara pandemia». Begiak itxi eta erdi-lo, erdi-esna geratzen naiz, ametsetan, amesgaiztoan. Akituta, erizaina alboan etzan zait. Sputnik batean bi maniki besarkatuta.