Lau lizarren mozketa salatu du Artiako Lagunak elkarteak: "Irungo Udalarentzat zuhaitz helduak kentzeko eta jartzeko hiri altzariak dira."
Aparkalekuaren proiektua berriz diseinatzeko eskatu dute.
Urtarrilean hasi zituzten Bienabe Artia inguruan dagoen aparkalekuko obrak. Lan hauen helburua, 19 aparkaleku gehiago jartzea da, eta horretarako bertan dauden 10 zuhaitz kentzea proposatu zuen udalak. Artiako Lagunak elkarteak aldiz, Gazteluzar Pasealekuan 10 zuhaitz horietatik 6 birlandatzea eskatu zion udalari, eta instituzioak onartu egin zuen.
Zuhaitzak birlandatu aurretik Urbycolan eraikuntza enpresak lurra zulatu izana salatu dute Artiako Lagunek. Sustraiak kaltetu dituztela azaldu dute, eta nahiz eta birlandatu dituzten, zuhaitz hauek ez dutela 2 edo 3 urte baino gehiago iraungo esan dute.
Artiako Lagunak elkarteko kideek diote, ez dutela ulertzen aparkalekuaren handitze diseinuan 4 lizar osasuntsu kentzearen beharra. “Irungo Udalarentzat zuhaitz helduak kentzeko eta jartzeko hiri-altzariak dira, erabili eta botatzeko elementuak.” Aparkalekuaren proiektua berriz diseinatzeko eskatu dute.
Zuhaitzen defentsan argudiatu dute, lizar hauek Zaisa III guneko kutsaduratik babesten dutela auzoa. Gaineratu dute, Gazteluzar pasealekuaren eta Zaisa IIIaren artean dagoen espazio libre osoa zuhaitzez bete beharlo litzatekeela. “Kamioien etengabeko igarobideak sortutako kutsatzaile atmosferikoak murrizteko eta kutsadura akustikoa gutxitzeko.”
Aparkalekuaren handitzea ez dutela beharrezkotzat jotzen aipatu dute. Izan ere, Artiako Lagunek astean zehar gaueko 22:00etatik aurrera 100 plaza libre baino gehiago zenbatu zituzten 200 metroko erradioan.
Jose Barreiro Artiako Auzo Elkarteko presidente eta Cristina Laborda udaleko ordezkariak azaldu zuten “aparkatzeko arazo larria dago goizetan”, eta baieztapen hauek okerrak direla adierazi du Artiako Lagunak elkarteak. “Auzoko inguru honetan badago aparkatzeko tokia institututik oso gertu irakasleentzat eta kirol instalazioetara datozen pertsonentzat.” Arazoa denek leku berdinean aparkatu nahia dela uste dute, baita lekuetara iristeko seinalizazio falta ere.