"Al Andaluseko aztarnen atzetik: historia eta arkeologia ll" ikastaroan parte hartzeko izen ematea zabalik da
Proposamen berri bat ere aurkeztu du museoak 'Oiasso nahieran', sare sozialen bidez jarraitzaileek hitzaldiaren gaia aukeratu ahalko dute.
Datozen egunetako egitaraua argitaratu du Oiasso museoak, guztira hiru ekintza antolatu dituzte.
Martxoaren 2an “Al Andaluseko aztarnen atzetik: historia eta arkeologia II” ikastaroan izen emateko epea zabalduko da. Apiriletik ekainera bitarte eskainiko dituzte 12 hitzaldiak, bi txandatan banatuta. Online txanda bat ere eskainiko dute, apirilaren 6tik ekainaren 22 bitarte.
Parte hartzeko izena eman behar da, museora gerturatuz edo 943 63 93 53 telefonora deituz. 65 euro balio du ikastaroak, eta informazio praktikoa emateko dosier bat eta eskola bakoitzaren ondorengo laburpen bat eskuratuko ditu parte hartzaileak.
Berrikuntza bat ere aurkeztu dute gaur: Oiasso nahieran. Bi hilabetean behin, sare sozialak erabiliz Antzinako Historiari buruzko lau gai aurkeztuko ditu museoak, eta jarraitzaileek gehien interesatzen zaiena bozkatzeko aukera izango dute.
Gai bozkatuena zein den martxoaren 24an esango dute, eta egunean bertan arratsaldeko zazpietan eskainiko dute ordubeteko hitzaldia. Sarrera doakoa da eta martxoaren 8an jarriko da martxan dinamika.
Aukeratu beharreko gaien artean, “Troiako Gerra. Historia eta mitoa”, “Kaligula, eromenaren eta krimenaren artean.”, “Antzinateko zazpi mirariak” eta “Nor ziren bagaudak?” proposatu dituzte.
Bestalde, ostegun honetan, hilak 25, “Kontaiguzu dakizuna” ekimenaren bigarren saioa hasiko da. Conchi Ruiz eta Joseba Arzak hartuko dute parte. Ruizek Tarazonako ondare historiko eta kultural aberatsaz hitz egingo du, eta Joseba Arzak “Antzeztokiak: arkitektura eta agertokiak” izeneko solasaldia eskainiko du.