Martxoan berriro ekingo diote Emakumearen Etxea diseinatzeko parte hartze prozesuari
HIru saiotan banatu dituzte online bilerak eta Etxearen kudeaketaz eztabaidatuko da ostegunean.
Azaroan parte hartze prozesuan zeuden emakumeek bilerak bertan behera uztea erabaki zuten, aurrez aurre egin ahal izan arte. Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak erabaki hau onartu, eta urte hasieran egoera berrikusteko konpromisoa hartu zuen.
Orain osasun egoerak okerrera egin duelako aurrez aurreko dinamikarekin ezin dela jarraitu adierazi dute udaletik, eta azaldu dute online izango diren hiru saiotan egingo direla bilerak. Prozesua bertan behera uztea ere eztabaidatu dutela esan du Etxebestek, eta sistemak funtzionatzen ez badu “edozein unetan geldi dezakegula” zehaztu du.
Martxoaren 11n, osteguna, berriro ekingo diote bilerei arratsaldeko 17:30ean. Etxearen kudeaketaz eztabaidatuko da eta saioek gehienez 2 ordu eta erdiko iraupena izango dute. Hona hemen beste bi bilkuren datak:
- 2. saioa, martxoak 18: etxearen erabilerak.
- 3. saioa, martxoak 25: etxearen ekipamenduak.
Etxebestek, prozesuan izen emandako emakumeei Euskadiko Emakumeen Etxeen esperientziei buruzko dokumentazioa helarazi zietela esplikatu du “Hurbileko beste esperientzia batzuk ezagutzeak lagun diezaguke guztioi zer nahi dugun eta zer izan daitekeen onena Irunen pentsatzen” argudiatu du ordezkariak.