“Sentimenduak eta urtaroak lotzeko gogo hori beti izan dut”
‘Oroiminezko igandeak’ bere lehen eleberria argitaratu zuen iaz eta, batez ere, poesia idazten du irundarrak. Sarrionandiaren liburu batek liluratuta erabaki zuen idazteari ekitea.
Noiz erabaki zenuen idazten zenuena argitaratzen hastea?
Aspalditik argitaratu nahi nuen. Poema bilduma bat neukan duela urte batzuetatik eta argitaratzeko aukera izan nuen, ez Hegoaldean, bai Iparraldean, Maiatz argitaletxearekin. Haiekin publikatu nuen lehen poema liburua 2012an: Amodio kantuak. Poesia idazten nuen, gauza laburrak, ipuinak… Kontua da aukera asko ez direla izaten argitaratzeko.
Lehen poema bilduma, ez nuena argitaratu, 20 urte nituela bildu nuen. Lehiaketa batera eta hainbat argitaletxeetara bidali nuen argitaratzeko asmotan, eta ez zidaten lana onartu. Orduan erabaki nuen argitaratu nahi nuela, nahiz eta aukerarik ez izan. Gero, lehen esan bezala, beti idazten aritu naiz. Gaur egun ere, tiraderan ere baditut argitaratu gabeko poema bildumak.
Ondoren, Hatsaren poesia ezagutu nuen. Ez dakit nola jakin nuen haien berri, akaso Durangon. Liburu kolektibo bat da, urtero ateratzen dena Senperetik. 2001ean lehen aldiz bidali nituen pare bat poema eta ikusi nuenean euren urteroko aldizkarian argitaratu zizkidatela, nire gauzak argitaratzeko gogo gehiago piztu zitzaidan. Ordutik, urtero parte hartu izan dut Hatsaren poesia-n. Orain, gehienbat ni nabil editore lanetan, boluntario gisa.
Hatsaren poesia aipatu duzu. Euskal literatura sustatzen ere bazabiltza.
Egitasmo hau zabaltzen ibiltzen naiz, iruditzen baitzait bakarra dela Euskal Herrian. Izan ere, Euskal Herri osoa mugarik gabe biltzen du, baita diaspora ere. Iruditzen zait oso beharrezkoa dela, batez ere idazle gazte eta ez hain gazteentzat. Beste aukerarik ez duenak, eta publikatu nahi duenak, edo zer esana duenak hor baduelako txoko bat. Batez ere, poesia idazteko txoko bat dauka.
Niri Auxtin Zamorak bultzatu ninduen, Hatsaren poesia-ren sortzaileak. Bultzatu ninduen, egia esan, urtero parte hartu dudalako eta orain asko inplikatzen naiz garrantzitsua iruditzen zaidalako horrelako gune bat. Noiz arte iraungo dugun ez dakigu, diru laguntzekin bizi baita, ea jarraitzen duen.
Bere xumetasunean, oso handia iruditzen zait elkarte hau egiten hasi zena eta egiten duena, denak berdin tratatze hori. Poesia idazten dugunon topagune izatea zen helburua, eta idatzitakoa partekatzea nahi duenak. Hori da duen baliorik handiena. Artze edo Joan Mari Irigoien bezalako poeta handiak idazle hasiberri batekin elkartzeko aukera handia da. Zu-tik ni-ra, horizontalki. Niretzat utopia bat errealitate egitea da Hatsaren poesia.
Asun Casasola ipuin lehiaketaren epaimahaikide zara. Zer behar da Irunen literatura sustatzeko?
Bai, egia da Irunen bekak-eta badaudela, baina ipuin lehiaketak ez hainbeste. Agian garrantzitsua izango lirateke horrelako sariketak. Aurrekoan aipatu zidaten Irunen bazela idazle bat apaiza zena, gehiegi ezagutzen ez dena, Juan Thalamas Labandibar izenekoa. Haren lanak ez dira asko ezagutzen. Gizon honek literatura bultzatu zuen inguruan. Sor zitekeen, beharbada, sorkuntza lehiaketa bat honen inguruan. Asun Casasola lehiaketak badu arrakasta, agian gazteen artean ez hainbeste, baina bultzatzeko saiakera egin daiteke erakargarri eginez.
Zure bizipenetik idatzi izan duzu.
Lehenengo poema liburua terapia bat izan zen niretzat. Garai hartan pertsonalki behar nuen barrukoa ateratzea, eta idaztea izan zen niretzat bide onenetakoa. Orduan bai, terapia izan zela. Horregatik idatzi nuen asko, eta poema bilduma bat ateratzeko prestatu nuen, idatzitako batzuk baztertu arren. Idaztea nire adierazpide nagusia da. Modu jakin batean idaztea, nire ahotsarekin idaztea. Barnetik idazten dut.
Poesia eta eleberriaz gain, beste generorik landu duzu?
Idazle Eskolan egon nintzen bi urtez eta bertan denetik idatzi nuen. Nobela baterako hazia erein nuen eta poema bilduma bat sortu, 2018an argitaratu nuena.
Ondoren, bilduma Iñaki Martiarena Mattin-ek ilustratu zidan, poemaz poema. Hor ere gaia harremanak ziren, kasu honetan, musuak. Orain, album ilustratu bat egiteko gogoa daukat.
Bestetik, lehenengo poema bilduma hartako bi olerki musikatu zituen Gontzal Mendibilek Biok izeneko bere azken diskoan.
Wolfgang Von Goethe-ren urtaroak deskubritzea zer izan zen zuretzat?
Noizbait haren poema hautatuen liburu bat erosi nuen alemanez. Liburu hori erosi nuen garaian bereziki erakartzen ninduen naturak, naturari egindako olerkiak eta bai, gustuko nituen lau urtaroak. Ederrak iruditu zitzaizkidan, ez banuen dena ulertzen ere, nire alemana ez baitzen oso ona. Oroiminezko igandeak eleberrian irakur daitekeen lau urtaroen itzulpena itzulpen libre bat da, interpretazio bat. Duela 25 urte erositako liburu honek naturari zioen miresmenagatik erakarri ninduen, nola deskribatzen zuen natura eta nola lotzen zuen natura eta bere sentimendua. Lau urtaroak urte oso bateko bilduma bat da, eta eleberrian sartu dut urtebeteko istorioa delako ere, nolabait bereizketa hori egiteko. Udazkenean hasten da istorioa eta batez ere neguan garatzen da. Negua barnera begiratzeko garaia izaten da, hartzaren garaia da, kobazuloan sartzen den garaia, eta gu ere barrura sartzen gara.
Urtaroetan banatu zenituen bai Amodio kantuak eta bai Oroiminezko igandeak.
Lehen bildumakoak amodiozko poemak dira, eta nire saiakera hori izan zen. Liburu horretan poema asko daude, asko idatzi nuelako eta argitaratzeko beharra ere banuen nolabait. Oroiminezko igandeak ere gauza bera da, sentimenduekin lotuta dago, eta nik sentimenduak eta urtaroak lotzeko gogo hori beti izan dut. Ez natura soilik deskribatzeko gogoa, nik nola sentitzen dudan eta sentimendu betez natura, deskribatzeko edo esateko modu bat da niretzat. Ez da poesia liburua, baina poesia sartu nuen arnasa hartzeko prosa artean, niretzat poesia beti arnasgune bat delako. Beharbada irakurlearentzat arnasa da prosa, nahiko arina delako eta poemak nahiko sakonak dira, agian ulertzeko gelditu egin behar duzu.
Eleberriari arintasuna ere ematen dio hiru pertsonatan idatzi izanak.
Lehen, bigarren eta hirugarren pertsonan dago idatzita. Argi nuen horrela idatziko nuela; beno, hirugarren pertsonan idatziko nuela ez neukan hain argi, egia esateko hasiera batean lehenengo pertsonan idatzi nituelako oharrak. Hala ere esan dezaket, eleberri honen ideia gordeta neukala eta banekiela pertsonaia nolakoa izango zen. Ideia hau beka batera bidali nuen aspaldi, baina ez zidaten beka eman. Istorio hau idazteko gogo asko neuzkan eta nire kabuz idazten jarraitu nuen, nire ideia garatu nahi nuelako. Hasieran lehenengo pertsonan egin nuen, eta gero hirugarren pertsonara aldatu nuen. Egia da, hirugarren pertsonan narratzaileak kontatzen duela, baina lehenengo pertsonan ere hitz egiten du. Bigarren pertsona pertsonaia nagusiak bere buruarekin hitz egiteko modu bat da. Pertsonen kontu hori, nahasi samar neukan.
Nobela hau jada argitaratuta zegoen Interneten, Entre escritores izeneko idazleentzako web orrialde batean. Oraindik deskarga daiteke, akatsekin, baina deskarga daiteke. Aldaketak konfinamenduan egin genituen editoreak eta biok. Esan daiteke konfinamenduko produktu bat dela.
Sare sozialik gabeko neska baten bizitza nolakoa zen ekarri nahi zenuen gurera. Zergatik?
Bidaiatzeko modua 1990eko hamarkadan eta gaur egun ezberdina da. Komunikatzeko moduak ere ezberdinak ziren, lagunen arteko komunikazioa telefonoz egiten zen. Moduak asko aldatu dira baina funtsean, mamia, edukia, ez da aldatu gehiegi, hau da, nerabe edo gazte baten kezkak ez dira aldatu. Kattalin bezalakoak [Oroiminezko igandeak-eko pertsonaia nagusia] gaur egun badaude. Nola egongo ginateke orain mugikorrik gabe? Hori erakutsi nahi dut, sare sozialik gabeko edo Internetik gabeko istorio bat kontatu, eta arraroa ez dela erakutsi.
Zergatik da iganderokoa eta ez egunerokoa?
Ez nuen egunkari bat egin nahi. Iganderokoa da iraganera begira jarri nahi nuelako pertsonaia, aurrera egiteko. Hor dago etorkizuna eta oraina. Iragan hurbileko kontuak kontatzen ditu, hau da, astean zehar gertatu zaizkion gauzak igandero kontatzen ditu, pasata daudenean. Eta orain, iragandako horrekin zein sentimendu ditu gazte honek?
Kattalin protagonistak erromantikoa izatea goraipatzen du garai indibidualista hauetan.
Kattalin bere garaiaren kontra sentitzen da. Garaiko korronteei kontra egiten balego bezala. Gaur egun agian gauzak nahasiago daude. Nahasiak esaterakoan, gauzak ez daudela hain definituak esan nahi dut. Pertsonak ez gaude hain markatuak, garai batean tribuak zeuden… Desberdin ikusten dut eta orain ere badira bandak eta horrelakoak, baina isolatuak bezala ikusten ditut. Pertsonak, oro har, difuminatuagoak ikusten ditut. Niretzat kontraesankorra da, difuminatuta gaudela ikusten dut baina errealitatean bakartuago, indibidualistago.
Kritika batek dio neska gazte batek irakurtzeko moduko liburua dela.
Izan daiteke, zentzu batean pertsonaiak gazteak dira. Idazten dudanean, idatzi egiten dut. Behin argitaratzerakoan bai pentsatzen duzula profil bat duen irakurlearentzat izan daitekeela.