Zaldibarko kasuan erantzukizunik egon ez izana salatu du Lakaxitak
Gaur urtebete bete Zaldibarko hondamendia gertatu zenetik. Irungo gaztetxeak biktimak gogorarazi ditu, eta elkartasuna adierazi diete biktima guztiei.
Gaur urte bat bete da Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu eta bi langile lurperatu zituenetik. Horren harira, Lakaxita Gaztetxeak hainbat pankarta jarri ditu hirian, gertatutakoa argitzeko eskatuz. Horrez gain, prentsa ohar baten bidez, irakurketa egin du.
“Gertakizun hark amorrua sortu du herri askotan, inork ez baitu ardurarik ezta erantzukizunik ere hartu”, adierazi dute.
Bizkaiko zabortegian gertatu zenak hondakinen kudeaketan dauden gabeziak zalantzan jarri zituela salatu dute. “Hori gutxi balitz”, gaineratu dute , “Verter Recycling enpresa buruen eta agintari politikoen interes eta haien arteko tratu ekonomikoak azaleratu ditu”.
Gertakari hark milaka herritarrei eragin ziela gogorarazi dute, inguruko udalerrietan kutsadura maila altuak atzeman baitziren.
Urte honetan guztian ardurak eta erantzukizunak eskatzeko egin diren mobilizazioak nabarmendu dituzte. “EAJ eta PSE-k ez zuten bat egin, eta gertaeren inguruan ikerketarik ez egitea erabaki zuten. Horrek argi uzten du zabortegiaren atzean dauden interes eta pertsonen tratuak. Jakina da, hondakinen isurketekin negozio bat dagoela; izan ere, geroz eta hondakin gehiago sortzen baitira”.
Ingurumenarekiko arduratsua izango den hondakinen kudeaketa eskatu du Lakaxitak.
Pandemia egoera erantzukizunik ez emateko “aitzakia” dela uste dute, eta ez emango ez direla ziurtatu dute.
Hori guztia salatzeaz gain, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen familiekin zein Zaldibar eta inguruko udalerriekin elkartasuna adierazi dute.