Abotsanitz: "Udalak Zaldunbordako erreka kutsatu zuen luizia ezkutatu du"
Hautagaitzak URA Agentziaren txostenaren berri eman du. Zabortegia zigilatzeko lanetan luizia egon zen 2019ko abenduan, eta oraindik garbitu ez dela salatu dute.
Abotsanitz udal taldeak Ura Euskal Agentziaren txosten baten berri eman du. Pasa den abenduan argitaratutako txostenak azaltzen duenez, Zaldunbordako zabortegia zigilatzeko lanetan izandako luizi batek Zokueta erreka urtebete baino gehiagoz kutsatu ahal izan du.
2019ko abenduaren gertatu zen luizia, Higertokik sustatutako merkataritza gunearen lanak hasi baino lehen egin beharreko zigilatze lanetan. 2020ko otsailean, Urak Higertokiri eskatu zion “urgentziazko garbiketa lanak egitea”.
Handik hamar hilabetera ateratako txostenean, halakorik ez zela egin jakinarazi zuen uraren agentziak: “Zigilatze-lan horiek geldirik daude aspalditik, eta, irristatzeen ondorioz, errekaren ertza ezegonkor dago eta berezko izaera galdu du, eta errekan eragina izan dezaketen lixibatuak daude”.
Higertokik, bere aldetik, “errekan lerradura eta higadura gehiago saihestea” helburu duen plana diseinatu zuen, eta azaroaren 27an aurkeztu. “Aipatutako abenduko ebazpenaren bidez, enpresak aurkeztutako jarduera-plana ontzak eman zuen Urak. Baina garbiketa obrak oraindik ez direla hasi baieztatu dugu aste honetan bertan”, adierazi du Abotsanitzek.
Garbiketarik egin ez izana, udal taldearen iritziz, “oso larria” da. Hondarribiko Udalaren isiltasuna ere salatu dute. Abotsanitzek jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin eta Urarekin harremanetan jarri dela, egoeraren berri jaso eta jarraipena egiteko.
Zigilatze lanetan “atzerapena”
Abotsanitzek adierazi duenez, zabortegiaren zigilatze lanetako luiziak eragin zuzena izan du Hondarribia Village Outlet proiektuan.
“Higertoki enpresak dokumentazio osagarria aurkeztu behar izan zuelako Uran, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailean eta Hondarribiko Udalean. Hala jasotzen da 2021eko urtarrileko Ingurumen Sailaren ebazpenean”, gaineratu dute. Zigilatze lanak egiteko Ingurumen Sailaren baimena jaso dute, baina udalarena ez, udal taldeak adierazi duenez.
Uraren 2020ko abenduko ebazpenean zein Eusko Jaurlaritzaren 2021ko urtarrileko ebazpenetatik ondorioztatu dutenez, luizi horien ondorioz eten dituzte outletaren lanak. “Izan ere”, jarraitu dute, “Higertokik ia urtebete behar izan du zigilatzearekin jarraitu ahal izateko Urak eta Ingurumen Sailak eskatzen zioten dokumentazio osagarria aurkezteko”.