Gizarte bazterketa saihesteko eskumenak bete ditzan eskatu dio David Nuñok Foru Aldundiari
Eginbeharrak ez betetzea leporatu dio udal ordezkariak Foru Aldundiari.
Gizarte Ongizateko zinegotzia den David Nuñok kargua hartu berri du eta udaletik azaldu dutenez, kaleko gaietarako eta bazterketarako udal zerbitzuak eta eskumenak errepasatu ditu Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari idatzi dion erreklamazio gutunean.
Nuñok dio, Foru Aldundia dela Irungo Udalak kudeatzen dituen baliabideen balorazioa egitearen arduraduna eta larritasun ertain edo handiko kasuetan arreta emateko eskumena baduela ere gaineratu du.
Zinegotziak salatu du, batzuetan sei hilabete eta urtebete bitartean igarotzen direla balorazioa egiten denetik baliabidea martxan jartzen den arte. Bere hitzetan hau “oso oso larria da”.
Eginbeharrak ez betetzea leporatu dio udal ordezkariak Foru Aldundiari. Zubia zentroan egiten diren eskaerak ezin direla ihardetsi Aldundiak ez duelako garaiz erantzuten azaldu du. Hori dela eta, hainbat eginbehar udal zerbitzuen esku gelditzen direla esan du zinegotziak.
Sistema buxatuta dagoela eta beraz, gaizki dabilela ondorioztatu du Nuñok. Laster biltzea eta gutunean aipatu dituen gaien inguruko xehetasunak lantzea eskaini dio zinegotziak diputatuari.