Turismo berdea sustatzeko "apustu publiko sendoa" behar dela dio EAJk
Irunek potentzial turistikoa duela esan dute jeltzaleek, hiriak dituen aukera turistikoak aztertzearen alde daudela argudiatuz.
EAJk uste du pandemia egoeran ez dela egokiena turismo berdea bultzatzea, baina beraien esanetan “oso baikorra” izango litzateke Irungo landa inguruneen potentziala eta aukerak “behar bezala” aztertzea.
Irunek horretarako potentziala, mendia, historia, ibaia eta badia dituela argudiatu. eta “apustu publiko sendoaren beharra” nabarmendu dute Xabier Iridoy udal bozeramaileak eta Josu Igiñiz zinegotziak. Hori dela eta, hainbat proiektu aurkeztu dituzte.
Proposamenen artean, Meaka auzoko Siutz baserria berreraikitzea edota Plaiaundiko Parke Ekologikoa sustatzea topa daitezke. Baita bidegorri bat egitea ere, Meaka Plaiaundiko Parke Ekologikoarekin lotzeko. Nabarmendu dute Irun hiru “korridore turistiko” lotzen dituen hiria dela (Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldea, Bortziriak eta Baztan).
Jeltzaleek diote, aurkeztu dituzten apustu horiek aisialdia eta naturaren kontserbazioa bateragarri egiteko ideiak direla. Azaldu dute, merkatu desberdinen aukera guztiak aprobetxatu ahal izateko turismo eskaintza eratzearen aldekoak direla.
Ekimen horiek funtziona dezaten, udal gobernua gainerako administrazioekin koordinatu beharko litzatekeela du iritzi EAJk, “Irun ez da isolatuta geratu behar, sinergia partekatuak bilatu behar dira”.