"Alkateak bere politika zaharrekin Irun isolatzeari utzi behar dio"
Txingudiko Plan Zuzentzailean ez dutela bidegorri baten proiektua bakarrik aurkeztu defendatu dute jeltzaleek. Txingudiko badiaren inguruko natur guneen lotura hobetzeko plana dela esan dute.
EAJren Uri Buru Batzarrak, bere iritzia jakitera eman du Jose Antonio Santanok Txingudiko Plan Zuzentzaileari buruz esandakoen harira. Harrituta daudela aipatu dute, beraien hitzetan “Irungo herritarrei ez diren gaiak ikusarazten eta sinetsarazten” jarraitzen duelako alkateak.
Atzo,bada, sozialistek EAJri leporatu zioten soilik bidegorri bat aurreikusi dutela bestelako proiektu handiak alde batera utzi dituzten bitartean. Gaur jeltzaleek, ez dela bidegorri “huts” bat defendatu dute “Txingudiko badiaren inguruko natur guneen lotura lehengoratzeko eta hobetzeko” plana dela argudiatuz.
Via Irun planari dagokionez, EAJk dio ez dela berri ona Euskadi Next Generation planean jaso ez izana. Gaineratu dute, alderdi jeltzaleak Via Iruni emandako babesa “ukaezina” dela eta “are anbizio handiagoko” proposamen bideragarri bat planteatu zutela: trenbide gunearen berroneratzea, hiria elkartzeko asmoz. Planteamendu hau alkateak “justifikaziorik gabe” baztertu zuela adierazi du Uri Buru Batzarrak.
Santanori “bere erantzunkizunak onar ditzan” eskatu diote jeltzaleek,baita bere ezintasunen eta ez betetzeen errua beste batzuei leporatzeari uztea. Euskadi Next Generation plana positibotzat jo zuen atzo alkateak eta hortaz, “bere politika zaharrekin Irun bakartzeari uzteko” proposatu dio EAJk.
Amaitzeko, EAJk hiriaren hobekuntzarekin daukan konpromisoa nabarmendu nahi izan dute, adibide gisa jarriz, zein proiektu bultzatu dituzten,hala nola, Plaiaundiko kirol pisten leku aldatzea Txenpereneara.