[Elkarrizketa] «Hondarribira gauza berezien bila dator jendea»
Zaldunbordako outlet-a eta Amazon bezalako erraldoiak tokian tokiko merkatarientzako arriskutsuak direla uste du Sonia Hercek, eta lanpostu prekarioak sortzen dituztela salatu du.
Nola bizi dute udalerriko merkatariek egungo egoera pandemikoa?
Gogorra izan da egoera pandemikoa, batez ere hasieran dena itxi zutenean. Ez genekien noiz irekiko genituen dendak, edo ea irekitzeko aukera izango genuen. Pixkanaka irekitzen joan ginen, hasieran aldez aurretiko hitzorduekin eta gero ordutegi mugatuarekin. Gogorra izan da eta izaten ari da oraindik.
Momentu honetan ostalaritza izan daiteke gaizkien pasatu duena, hilabete bat izan dituztelako euren negozioak itxita. Egia da udan nahiko ondo egin zutela lan, baina azken asteetan oso kaltetuak izan dira. Bestetik, arropa dendek ere oso gaizki pasatu dute. Hondarribiko bezero kopurua mugatua dago sektore honetan, eta udalerriak itxita egon direnez oso zaila zen saltzea. Orain Gabonetako kanpaina ea martxan jartzen den itxaroten gabiltza.
Nola aurreikusten duzue, beraz, aurtengo Gabonetako kanpaina berezia?
Azken asteak zailak izan dira, komentatu dugunez udalerriak itxita zeudelako. Orain, udalerrien arteko mugikortasuna baimenduta dagoela, pentsatzen dut lagungarri izango dela, Hondarribira esaterako Berako eta Lesakako jendea etortzen zaigulako erosketak egitera. Inguruko jende dezente etortzen da gurera, baina egoera eta arauak zirela-eta oso mugatuta izan dugu dena. Beraz, hartutako erabakiek Gabonetako kanpainan, gure kasuan, eragina izango dutela argi dago.
Kanpotik Hondarribira bai, baina Hondarribia herri txikia izanda, ba al dute hondarribiarrek herrian bertan erosteko ohitura, edo askok aprobetxatzen dute Irun hiri handiagoa dela bertan erosketak egiteko?
Uste dut azken urteetan justu kontrako fluxua eman dela kasu askotan. Hondarribian denda dezente ireki dira, eta aitortu beharra dago Irundik jende asko etortzen dela gure herrira. Bezeroek askotan komentatzen dute Irunen frankizia edo mota horretako denda asko gelditu direla, eta Hondarribira etortzen direla gauza berezien bila. Guk merkatari moduan fluxu hori nabaritu izan dugu.
Egia da Hondarribitik Irunera edo Donostiara ere jotzeko ohitura dagoela, gure herria txikiagoa delako eta eskaintza txikiagoa da ere. Batzuk kanpora joaten dira hemen topatzen ez dituzten gauzen bila. Baina esandakoa, kanpotik jende asko dator, egun pasa egitera etortzen direnak eta, bide batez, hemen kontsumitzen edo erosten dute.
Hondarribiko Udalak berehala ezagutarazi zituen diru laguntzak COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko. Bidasoa-Oarsoaldeko laguntza handienak izan ziren, baina… nahikoak?
Ez, inoiz ez dira nahikoak. Oraintxe bertan diru laguntzak ez dira nahikoak. Jende asko oso gaizki pasatzen ari da. Gainera, gure kasuan oso berandu heldu ziren laguntzak. Esan beharra dago egun ia gehienek kobratu dituztela diru laguntzak, baina tramitazioa oso mantsoa izan zen, eta kudeaketa ere zaila izan zen. Gure kasuan, badugu beste negozio bat Errenterian, eta bertan diru laguntza askoz lehenago kobratu genuen. Hori bai, Hondarribiko Udalak bonuen kanpainarekin aurrera eramandako iniziatiba ona izan dela esan beharra dago. Eusko Jaurlaritzaren bonu denda kanpainarekin bat eginez, diru gehiago sartu zuen Hondarribiko Udalak gehigarri moduan bonu horiek Hondarribiko dendetan gastatu ahal izateko, modu horretan tokian tokiko salmentak bultzatzeko asmoarekin. Nahikoa? Tira, badakigu udalak mugatuta daudela, baina uste dut gehiago egin daitekeela.
Zalaparta handia sortu zuen ere Zaldunbordako outlet-aren proposamenak. Nola hartu zuten merkatariek proiektuaren berria?
Gaizki hartu genuen. Zaldunborda Gelditu mugimenduarekin hainbat jarduera egin genituen, Hondarribiko dendetan kartelak jarriz eta ostegunero elkarretaratzeak eginez. Beldurra izan genuela, eta dugula, aitortu behar dugu. COVID-19aren egoera agertu baino lehenago merkatari txikien egoera zaila bazen, mota honetako erraldoi batekin zer esanik ez. Lanpostu prekarioak sortuko dira, eta ez da ona ez merkatarientzat ezta ingurumenerako ere. Hasieratik agertu gara Zaldunbordaren kontra.