«Egungo egoerara egokitutako» Gabon kanpaina izango da aurtengoa
Irungo Udala dagoeneko aurtengo Gabonetako kanpainari begira jarri da. Udaleko ordezkari Juncal Eizagirrek prestakizunen berri eman du gaur, eta aurreratu duenez, ezohikoa izango da aurtengo egitaraua. Zure Eguberriak Irunen daude lelopean egingo dute kanpaina, irundarrak hirian bertan kontsumitzera animatuz. Ekitaldi asko ezingo dira egin, baina beste batzuk egokitzeko apustua egingo du udalak, «egungo egoerara egokituta eta osasun agintariek unean-unean ezartzen dituzten neurri eta murrizketen arabera».
«Badakigu aurtengo Eguberriak ez direla izango nolanahikoak. Jai hauetan klasikoak diren ekitaldi batzuk ezingo dira orain arte bezala egin, baina egitaraua segurtasun neurriak ahal bezainbat bermatzeko moduan egokitzeko lanean ari gara, pandemiak gogorkien jotako gure jarduera sektoreak kontuan izanik betiere, haiek izango baitira Eguberrietako kanpainaren protagonista», esan du Eizaguirrek.
Aurten egingo ez diren jardueren artean, Urdanibia plazako San Tomas azoka aurki daiteke, baina baita ere hilaren 24ean San Juan plazan egin ohi den gabon kanten jaialdia ere.
Bestalde, Olentzeroren etorrera eta Errege magikoen desfileak ere ezingo dira ohi bezala egin. Horregatik, kultura sailak ordezko ekitaldi estatikoak antolatzeko aukera lantzen ari da. «Helburua da hiriko txikienak ez daitezen gelditu Olentzero eta Errege Magoak ikusi
gabe, eta, horretarako, ahal dugun guztia egingo dugu, urtero bezala Irunen egon daitezen. Beharrezkoa bada, hirira lehenago etortzeko ere eskatuko diegu, denbora gehiago izan dezagun elkar ikusteko», erantsi du ordezkariak.
Hala, ekitaldi estatiko bana antolatzea aurreikusi dute. Haurrek eta gurasoek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte, aldez aurretik, eta horrela edukiera kontrolatuko dute. Olentzerori dagokionez, Betti Gotti elkarteak Amaia KZ apainduko du, Olentzerori eta Mari Domingiri behar bezalako harrera egiteko. Haurrak eta gurasoan ikuskizun batera joango balira bezala sartuko lirateke Amaiara, egun batean baino gehiagotan, hainbat emanalditan.
Erregeei dagokionez aldiz, udala Ficobarekin elkarlanean ari da 3. pabiloiaren neurriak probestuz Meltxor, Gaspar eta Baltasarren karrozak bertan sartzeko. Ekitaldiak azoka formatua izango lukeela esan dute udaleko iturriek, zenbait egunetan banatuta, eta denek erregeak ikusteko aukera izan dezaten.
Eskutitzak biltzeko ohiko ekitaldia ere egokitzea pentsatu du udalak. Hortaz, hilaren 18an postontzi apainduak jarriko dira hirian barrena.