Aurten GKEen diru laguntzen deialdia ez egitea "alde bakarreko erabakia" izan dela salatu du Abotsanitzek
Gardentasun eza leporatu dio alderdiak udal gobernuari eta diru laguntzak ez esleitzea 2018. urtetik datorren "arazoa" dela oroitarazi dute.
Gaur goizean Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak jakitera eman du 2020. urteko Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako diru laguntzak datorren urtera igaroko direla. Hondarribiko Udalaren erabakiaren harira Abotsanitzek erantzun egin dio Gizarte Zerbitzuetako departamentuari.
Alderdiak dio “alde bakarreko erabakia” izan dela eta diotenez, udal gobernuak ez du oposizioko udal taldeekin eta deialdira aurkezten diren elkarte eta erakundeekin partekatu ebazpena.
EAJk osatzen duen udal gobernuari “gardentasun eza” leporatu diote, azaldu dutenez erabakitze prozesua ez da batzorde batetik pasa, ez plenotik ezta beste prozesu batetik ere ez. Ez dutela inolako informaziorik jaso argitu dute.
Aurten GKE-ei diru laguntzak ez esleitzeak Abotsanitzen esanetan “udal akordioa urratzen du” eta erantsi dute, aurtengo martxoan onartutako 2020-2023 urteetarako diru laguntzen plan estrategikoaren kontra doala erabakia. Elkartasunezko diru laguntzen deialdia ekaina baino lehen egin behar zela erantzun diote udal gobernuari.
Larrartek azalpenak eman beharko lituzkeela uste du udal taldeak. Beraien esanetan, “birusak min handia eragin du, baina arazo hau 2018tik dator”. Abotsanitzek askotan laguntza eskaini duela esanez amaitu du adierazpena.