Udal gobernuak erantzun egin dio oposizioari: "Lagundu beharrean, etekin politikoa atera nahi du"
Alderdi bakoitzeko ordezkariak esandakoari erantzun diote jeltzaleek. Ondoren, egiten ari diren lanaren laburpena luzatu dute eta amaitzeko, Itxeki Hondarribia planerako onartu zen aurrekontuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Asteazkenean Hondarribiko udalean oposizioa osatzen duten Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE alderdiko ordezkariek egin zuten prentsaurrekoan, udal gobernuaren “ekimen falta eta jarrera politikoa” salatu zuten. Gaur, EAJren udal gobernuak erantzuna eman dio oposizioaren agerraldian esandakoei. Txomin Sagarzazu alkateak hitz egin du prentsaurreko osoan zehar.
Hasteko, oposizioaren jarrera kezkaz ikusten dutela adierazi du alkateak, uste dute alderdiak udal gobernuari laguntzen egoteko momentua dela, izan ere, Sagarzazuren ustez etekin politikoa ateratzeko prentsaurrekoa izan zen herenegun egindakoa.
Oposizioaren jarrerak erakundeen sinesgarritasunari kalte egiten diola aipatu du alkateak gaurko agerraldian. Arreta udal ordezkariengan jarri dutela esan du, hau da, eurek eztabaidaren erdian daudela interpretatu dute jeltzaleek, eta diotenez, gaur egungo egoerak ez du hori eskatzen: “Egoerak elkarlana eskatzen du, egoerak eskatzen du herritarrei zerbitzuak hobetzea, eta noski, kritika guztiak egitea, baina ez zaigu iruditzen bat ere lagundu duenik.”
Jarraian, alderdi bakoitzak esandakoari erantzun diote.
Abotsanitzen jarrerak ez diela harritu aitortu dute, udal gobernuko kideen iritziz ustezko elkarlanaren diskurtsoa erabiltzen dute, eta esan dutenez, ezker abertzalearen estrategia klasikoa praktikara eramaten du alderdiak: “Gobernuaren lana etengabe oztopatzea, denak balio du, zenbat eta okerrago hobe”. EAJren lana mespretxatu izana leporatu die alkateak: “Haiekin elkarlanean aritzeko modu bakarra, gainerako talde politikook berauen proposamenei men egitea da”.
PSE-EE eta EH Bilduren jarrerak ere harritu egin diela azaldu du Sagarzazuk. Orain arte beste jarrera politikoa izan dutela uste du EAJk, argudiatu duenez, Abotsanitzen jarreratik aldendu egin direlako.
Iosu Alvarezek (PSE-EE) informazioaren irisgarritasuna kritikatu izana, ironikoa eta paradoxikoa iruditu zaie jeltzaleei. Sozialistak udal batzordeetan banatutako dokumentazioa zenbatetan ez duen ezagutu galdetu du alkateak. Alvarezek sare sozialetan laneko dokumentazioa hedatzeak zein helburu duen ez dute ulertzen jeltzaleek.
Berriz ere errepikatu dute EH Bilduren jarrerak harritu egin diela, osoko bilkuretan mozioak tratatzeko modua adostu zutela baieztatu du Sagarzazuk, eta orduan, ez dutela ulertzen zergatik aipatu zuen gai hau EH Bilduren ordezkariak (Xabier Isasi) asteazkeneko prentsaurrekoan. Aipamena ulertzeko modu bakarra dagoela uste du EAJk: “EH Bilduren proposamenarekin udal gobernu taldea bat ez datorrenean, hori ez onartzea”. Jakinarazi dutenez, zortzi aldiz atera dira aurrera adostasunez abertzaleek aurkeztutako mozioak, eta horregatik, harrituta daudela gaineratu du berriro alkateak.
Ondoren, datu batzuk eman dituzte. Alkateak azaldu du, datu hauek pandemiaren jarraipen politikoarekin zerikusia dutela, ez jarraipen teknikoarekin.
- Urtea hasi denetik 47 bozeramaile batzorde egin dituztela jakinarazi dute. Horietatik 39 pandemia hasi denetik gauzatu direla esplikatu du Sagarzazuk.
- Lehen olatuan astean bi bilera egiten zituztela eta jarraipen soziosanitarioa, jarraipen soziala, jarraipen ekonomikoa egiten zutela esan du alkateak. Udan, aldiz, guztira hamar bilera egin zituztela komunikatu du Sagarzazuk, itxialdi garaiak ezarritako jarraipen ardatz berdinak jarraituz. Nabarmendu du bilera politikoak izan direla.
- Bigarren alarma egoera honetan astero egiten dituztela bilerak azaldu du alkateak: “Osasun-informazioa, astero aldundiarekin eta hainbat gizarte-eragilerekin egindako bilerei buruzko informazioa, pandemiarekin zerikusia duten gainerako alderdiak aztertzen ditugu”.
Itxeki Hondarribia planaz ere eman dituzte azalpenak jeltzaleek.
- Pertsonentzako eta familientzako diru laguntzei dagokienez, 285.000 eurotik gora bideratu direla azaldu du Sagarzazuk. Gizarte larrialditarako laguntzetan, familia laguntzetan, energia pobreziaren kontrako laguntzetan eta bestelakoetan erabili dela dirua zehaztu du EAJko kideak, eta erantsi dute 450 pertsonengana iritsi direla laguntzak.
- Laguntza ekonomikoei dagokienez, 300 eskaera jaso direla argitu du alkateak eta ohartarazi du, eskaeren %8 tramitatzeko dagoela. Aurrekontuaren 180.000 euro jada erabili direla baieztatu du udal gobernuak. Prozesu guztia ez dela amaitu onartu dute udal gobernukideek.
- Dendei laguntzeko sortutako 3.368 bonu saldu direla informatu dute. Ostalaritzaren itxieragatik, turismo bonuek atzerapena jasan dutela aitortu dute, baina udalak bere lanak gai honen inguruan egin dituela arrazoitu dute.
- Desinfekzio eta garbiketa lan bereziek ikastetxeetan sortzen duen gastuari laguntzeko, udalak 39.000 bideratu dituela argitu du alkateak. “Haien beharretara egokitzeko lanak” egin dituztela gaineratu du.
- Uraren eta zaborraren tasak egokitu egin dituzte gaur esan dutenez, eta terrazen tasaren %100 ez kobratzea erabaki dute. Hurrengo urteari begira ezin dutela erabaki bera hartu esan dute, diotenez foru arau batek baimena eman behar dielako.
- Ostalariei zuzendutako laguntza zuzenek osatuko dute Itxeki programa, udal taldeak aditzera eman duenez.
Datu hauek luzatu ostean, “ekimena badagoela” ondorioztatu du EAJk.
Berriz ere informazioa ezkutatzearen gaia berrartu du Sagarzazuk, “ez dakit zertaz ari diren hori aipatzen dutenean”. Bere hitzetan, “askotan, teknikariei hitzordurik eskatu gabe agertu egiten dira bulegoetan eta teknikariek lehenagotik programatuta zituzten lanak bertan behera utzi eta saio luzeak egin behar izaten dituzte, era honetan esan nahi dut informazio eskubidea betetzen dela.”
Informazio eskubidea betetzen dela baieztatzen jarraitzeko, udal talde guztiek egunero sinatzen diren dekretuetara sartzeko eskubidea badutela adierazi du alkateak, baita alkatetza dekretuaren jarraipena egiteko eskubidea eta betebeharra. Bere ustetan, alkate dekretua udalaren informazio iturri nagusietako bat da. Horrek gardentasun printzipioa betetzen duela azaldu du Sagarzazuk.
Aurreratu dute, 2021. urteko aurrekontu proposamena landu dutela. Aurreko ostiralean luzatu zieten proposamena beste udal taldeei, aditzera eman dutenez.
Amaitzeko, udal langileen profesionaltasuna eskertu nahi izan du udal gobernuak. Alkatearen hitzetan, haiei esker jarri ahal izan dituzte martxan egoera zorrotz eta gordin honetan hainbat iniziatiba.