[Erreportajea] Bizitza ospatzeko modurik ez
Taberna eta jatetxeek hiru aste daramate pertsiana jaitsiarekin. Irekita daudenak, eramateko janaria ematen ari dira bakarrik. Arauak errusiar mendia izan dira ostalarientzat.
Errenteria-Oreretako Gamon Zumardiko orbela ez dago zapalduta.
Donibaneko kale zaharrak inoiz baino museo izaera handiagoa du.
Hondarribiko San Pedro kalean paseoa da jarduera nagusia.
Antxoko Axular plazan zurrumurru handirik ez dago.
Trintxerpeko kale itzaltsuak ez daude hain argituta.
Oiartzungo Kastro iturriaren jarioa inoiz baino gardenago entzuten da.
San Pedroko arrantzaleek ez dute fuel propiorik.
Irungo Karrika Nagusiko aldapa igotzea gehixeago kostatzen da.
Lezoko plazako bidegurutzearen aurrean zalantza handiagoak daude orain.
Gaur beteko dira hiru aste kañeroen txorrota itxi edo azkeneko baxoerdi erronda eskatu zenetik. Etxean kontsumi daitezke ardo, garagardo edo pattarrak, baina hori baino gehiago da ostalaritza: sozializatzeko eta aisiarako gunea.
Herritar askok beren aisialdi ohiturak aldatu behar izan dituzte, ohiko topagune ziren horiek gabe inprobisazioari tarte egin behar izan diote… Orain okindegiak eta haren inguruek betetzen dute, nolabait, taberna, jatetxe edota kafetegiek zuten funtzio soziala.
Ogia erostearekin batera eskuak berotzen dituen kafearekin ateratzen dira asko… baina ez da gauza bera ipurdia erraz berotzen eserleku baten gainean jartzea edo harrizko petril hotz edo kaleko banku heze batean.
Ostalaritzak izan dituen neurriak kulunka baten modukoak izan dira, atzera eta aurrera ibili behar izan dira, gelditu behar izan duten arte. COVID-19ak hala behartuta, establezimenduek pertsiana lehenengo aldiz martxoan jaitsi behar izan zuten, eta maiatzera arte ezin izan zuten berriro ireki, baina askok arintze fasearen hasieran ez irekitzea erabaki zuten, baldintzak gogorregiak zirela iritzita.
Ekainerako lokal gehienek ireki zituzten ateak, eta ez baldintza gogorretan. Ostalariek ordutik aldarrikatu dute arauak beti dituztela, beren eta bezeroen hobebeharrez.
2019an pentsaezinak ziren hainbat gauza iritsi ziren tabernetara: gel hidroalkoholikoak ateetan; kontsumizio bakoitzaren ondoren mahaia garbitu behar izatea; eserleku kopuru mugatuak, barruko edukieran ere; pintxoak estali behar izatea; ordutegien mugatzea…
Konfinamenduaren ondorengo arintze faseari Normaltasun berria izena jarri zioten erakundeetako agintariek, baina normaltasun-eza izan da nagusi.
Ireki ez duten establezimendu batzuk, aldiz, bidean geratu ziren, eta Salgai kartela jarri behar izan dute lehen lantoki zuten establezimenduaren leiho edo ateetan.
Batzuek ezin izan diote pandemiak eragindako itxierari eutsi, eta erakundeek emandako diru laguntzak eskasak izan dira aurrera egin ahal izateko. Biziraun dutenek laguntza handiagoa eskatzen jarraitzen dute, beren sektoreak aurrera egin dezan.
Esaten da itxaropena dela galdu behar den azkeneko gauza. Pandemia oroimen txar bat besterik ez denean, orduan, orduan egongo dira ostalariak, bizitza ospatzeko lanean.