Bidasoko GKEak arriskuan daudela dio Abotsanitzek, laguntzarik jaso ezean
Diru laguntzen deialdia zabaldu ez izana leporatu dio alderdiak udalari.
Bidasoko Gobernuz Kanpoko Erakundeak iaz jaso zuten laguntza beraren esperoan daudela esan du Abotsanitzek.
Laguntza hau Hondarribiko Udalak ematen diela adierazi dute, eta erantsi dute Gizarte Zerbitzuetako departamentuak oraindik ez duela laguntzen deialdia egin.
Deialdia berehala egin ezean, elkartasunera bideratutako hamarnaka mila euro galdu daitezkeela argudiatu du alderdiak. Honen ondorioa, eskualdeko GKEak kaltetuta geratzea izango litzatekeela uste du udal taldeak. Proiektuak gauzatu ahal izateko dirua aurreratu behar dutelako, azaldu dutenez.
Salatu dutenez, aurreko urtean deialdia urria bukaeran egin zen, udaberri uda aldera egitea ohikoa dela argitu dute.
Salaketa honi gaineratu diote, GKE gehienek 2018an arazoak izan zituztela udalaren diru laguntzak jasotzeko, diotenez aurretik jakinarazi gabe aldatu baitzituzten dirua eskuratzeko irizpideak.
Kudeaketa gaizki egiten den hirugarren urtea dela esan du Abotsanitzek baina euren esanetan, aurten egoera okerragoa da atzerapen hain handiarekin diru laguntzak galtzeko aukera handia dagoela uste dutelako.
Azkenik, alderdiak laguntza eskaini dio Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziari GKEen proiektuek espero duten laguntza jaso dezaten. Aldi berean, departamentuan dituzten beste zailtasunak arintzeko prest agertu da udal taldea.