Indarkeria matxista salatzeko erakusketa eta performancea egin zuten atzo Talaia BHIn
Hezkidetza batzordeak bultzatutako ekintzak izan dira.
Ikastetxeko hezkidetza batzordeak bultzatu duen proiektua da. Batzordearen parte dira bai irakasleak bai batxilergoko ikasleak. Batzordeak azaldu duenez, helburua da lan egitea transbertsalki ikasgai guztietan. Horretarako, diote, irakasle guztiek sinistu behar dutela hezkidetzan. Inplikazioaren arabera lortzen direla gauzak uste dute.
Plastikako irakasleari eskatu zioten ea indarkeria matxista landu nahi zuen DBHko ikasgeletan, baiezkoa eman zuen eta ikasgela guztietan erakusketan parte hartzea proposatu zuen.
Erakusketaz gain, performancea ere egin zuten ikasleek atzo. Ikastetxearen erdigunean eserleku more bat jarri zuten paperez egindako lorez inguraturik. Ikasgela guztiak igaro ziren bertatik, eta talde bakoitzak lore bana hartu zuen. Lore hau ikasgelan utziko dute urte osoan zehar, metaforikoki zaindu ezean usteldu egingo dela irudikatu nahi dute.
Era honetan, indarkeria matxista urte osoan zehar landu behar den problematika dela adierazi nahi dute.