Oposizioko udal taldeak udal gobernuaren ekimen falta eta jarrera politikoa salatzeko elkartu dira
Udal gobernuan osasun krisiaren aurrean ekimen falta eta ehun ekonomikoan eragindako kalteak apaltzeko gabeziak daudela salatu dute. Honetaz gain, oposizioak oposizioa egiteko dauzkan trabak eta barne araudi propio falta azaldu dituzte.
Hondarribiko gobernu taldearen jarrerak kezkatuta dauzka oposizioko hiru alderdiak. Ezinegon hori adierazteko agerraldia egin dute Abotsanitzeko Igor Enparanek, EH Bilduko Xabier Isasik eta PSE-EE Iosu Alvarezek. Osasun krisiaren aurrean udal gobernuaren ekimen falta eta jarrera salatu dituzte, argudiatuz COVID-19ak ehun ekonomikoan eragindako kalteak apaltzeko gabeziak nabariak direla.
Hori hala dela arrazoitzeko ohartarazi dute maiatzean gaixotasunaren ondorioei aurre egiteko onartutako aurrekontuaren %20 besterik ez dela erabili, eta beraz, ez direla laguntzak «modu egokian» gauzatu.
Osasun egoerak sortutako krisi ekonomikoak eragiten dituen arazoei irtenbideak emateko, mahai sektorialak sortzea proposatu zutela adierazi dute agerraldian, baina tokiko gobernu batzordeak ez dituela sortu nahi izan. Oposizioaren iritziz, udalaren jarrera ohiko jarrera da. Efizientzia aldetik, ezarritako helburuetatik «oso urrun» daudela azaldu dute, eta prozedurak eta tramitazioak hobetzeko eskatu.
Oposizioa prest agertu da pandemiak eragindako larrialdi egoerari «erantzun egokia» emateko, herri eragileekin partekatutako mahai sektorialei bide emanez.
Funtzionamendua
Osoko bilkuretan eta batzordeetan biltzen direnean, eztabaidatzeko eta erabakitzeko informazio falta dutela esan zuen oposizioak, eta informazioa ukatu eta ezkutatu egiten zaiela salatu zuten. Hala, egindako bilera telematikoetan, kasu batzuetan beraien proposamenak onartuak izan direla aipatu zuten oposizioko alderdiek, baina horiek arautu gabe jarraitzen dutela jakinarazi dute.
Bestalde, barne jarduerako araudirik ez dagoela azaldu dute, eta beraz, eztabaida eta erabaki prozesuetan gatazka ugari sortzen direla. Gaineratu zutenez, EAEko araudiaren arabera egiten dute lan, eta horregatik, gauzak nola egin behar diren eztabaidatzen pasatzen dutela denbora. Beraz, funtzionamendurako barne araudia behar dela aldarrikatu du oposizioak.
Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk tokiko gobernuari arazo guztien aurrean «aitzakiak» jarri izana leporatu diote. Udal gobernua ez dela berritu nabarmendu dute aldi berean, eta langileen estruktura itxia dela, «hainbat kontu demokratizatu egin behar dira».
Horrela, ezohiko udalbatzarrak «oposizioak parte hartu ahal izateko ia bide bakarra» direla diote, eta gobernuak gai zerrenda zein den erabakitzen duela. Gai zerrendan sar daitezken proposamenak egiteko aukera eza, eta galdera-erantzun dinamikaren falta salatu dituzte.
Ohiko udalbatzarrei dagokienez, azaldu dute oposizioak mozioak aurkezten dituenean EAJk osoko zuzenketak aurkezten dituela, udal gobernuak ez duela negoziatzeko tarterik eskaintzen, alegia. «Gobernu zuzenaren» bidean hainbat irizpide eman dituzte: «Gardentasuna, parte hartzeko eskubidea, jokamolde etikoa, berdintasuna, efizientzia eta efikazia».