Itzuleraren kronika erakusketa zabaldu dute, euskal diaspora Argentinan
Bi astez egongo da ikusgai euskal diasporak Argentinan lantzen duen proiektua.
Urteetan zehar euskal diasporaren inguruan ondarea jaso dugula esanez hasi du Jose Luis Silanes zinegotziak prentsaurrekoa.
Itzuleraren kronikak izeneko erakusketa, Iñaki Etxeberria euskal argentinarraren ilustrazioak biltzen ditu. Euskal diasporatik datorren artistak, bere arbasoen lurra ezagutu nahian 2019. urteko azaroaren eta aurtengo otsaila bitarte, Euskal Herrian bere familiarekin batera egindako egonaldiaren ondoren sortu zuen proiektua.
Kasualitatez hasi zen ikusten zituen gauzak, pertzepzioak eta beretzat interesgarriak ziren kontuak marrazten. Bidaia indibiduala izateaz gain, lana kolektiboa dela azaldu du Alfonsina Leranoz arte historialariak.
Leranozen ustetan, euskal diaspora ez ezik, edozein diasporatako edozein pertsona identifika daiteke lanarekin, jatorriko lurrarekin edo arbasoekin lotura duen edonor.
Azaldu du, erakusketak herrimina jorratzen duela, inoiz bertan egon ez arren, zurea sentitzen duzun lurraz. Hala ere, Leranozen iritziz, familiaren iruditeriaren eta lur idiliko baten mitifikazioaren parte da sentimendua. Aurreiritziak errealitatearekin talka egitean datza proiektuak, historialariaren esanetan.
Gorka Basterretxeak hartu zuen ondoren hitza, Juan Celaya Letamendi Fundazioko zuzendaria den Arturo Azpeitiari eskerrak eman zizkion. Bere hitzetan, fundazioaren elkarlanari esker ahal izan dute sortu erakusketa. Erakusketa elkarteak euskal kulturan egiten duen inbertsioaren ondorioa dela azaldu du Basterretxeak.
Leranozek aurkeztuko du erakusketa, berak gidatu du proiektua. Aurkezpen saioa datorren ostiralean izango da, hilaren 27an, arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean.
Erakusketa Arma Plaza Fundazioan dago ikusgai bi astez.