Bonuen kanpainaren balorazioa egin du udalak, "3000 bonu gastatu dira"
Azaroaren 30 arte luzatu da Euskadi Bonu Dendara atxikitzeko aukera eta abenduaren 31ean amaituko da kanpaina.
Hilaren 30 arte luzatu da establezimenduek dendei zuzendutako bonu kanpainan izen emateko aukera, hala azaldu du Maria Serrano Merkataritza eta Garapen Ekonomikorako zinegotziak. Aldiz, turismo bonuen kanpaina atzeratu egin dela adierazi du zinegotziak, “osasun egoeraren okertze eta ostalaritzaren itxiera” dela medio.
Balorazioari dagokionez, guztira 32 saltokik hartu dute parte, bai Eusko Jaurlaritzak bai udalak martxan jarri dituen kanpainetan eta gaurko egunez 26 dendatan daude bonuak eskuragarri, 6 establezimendutan amaitu baitira zinegotziak eman dituen datuen arabera. Gaineratu du, 3.000 bonu erabili direla aurreko astera arte.
Merkataritza bonuak abenduaren 31ra arte egongo dira erabilgarri eta turismo bonuak, nahiz eta oraindik martxan noiz jarriko diren ez jakin, maiatzaren 31ean amaituko dela erabiltzeko aukera aurreratu du Serranok. Zinegotziaren hitzetan ondo funtzionatu du kanpainak, eta ostalariei bertan parte hartzeko deia egin die.
30 euro bakoitzeko, 10 euroko deskontua aplikatzen dela zehaztu du zinegotziak. Herritar bakoitzak lau bonu eskura ditzake, denda berean erabiltzeko edo desberdinetan, eta baldintza bakarra, 18 urte baino gehiago edukitzea da.
Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren bonuak bateragarriak direla esan du Serranok.