[Erreportajea] Esperientziatik artea irudikatuz
Gaztea zela murgildu zen Igor Arrieta marrazketaren unibertsoan. Egiten duena maite du, eta bere esperientziak baliatuta islatzen du artea.
Bizitza guztia darama Igor Judas Arrieta hondarribiarrak margotzen. Gaztea zela hartu zion gustua marrazketari, eta horretan darrai, egunero. Azkar bereizi zen marrazketan, eta artistekin murgiltzen hasi zen eurekin batera artelanak sortzeko. «Bertatik dator nire zaletasuna», onartu du. Horrez gain, 1970eko hamarkadaren amaieran, Hondarribian eta Irunen arte galeria eta margolari ugari zeuden, eta jendeak aukera zuen artisten obrak ikusteko. Arrietak ere eurak bisitatzeko eta arteaz zaletzeko beta izan zuen.
Sortzaile hondarribiarrak betidanik egin du lan marrazketaren munduan, baina hasieran beste helburu batzuk ere bazituen: zinema egiteko gogoz zegoen. Artearen unibertsoan sakontzeko eta ezagutzak bereganatzeko, Arte Ederrak ikasi zituen unibertsitatean zinema egiteko intentzioarekin, baina fakultatean zegoela, Arte Garaikidea ezagutu eta korronte honek bere ikuskera guztiz aldatu zuen. «Nik ezagutzen nuen artea tradizionala zen, hemen bizitzen genuena, baina fakultatera joan eta jendeak egiten zuena ikusi nuenean, ate asko ireki zitzaizkidan. Bertan hasi nintzen pintura lantzen, eta esan dezaket unibertsitatean bihurtu nintzela margolari», esan du. Horren harira, erakusketak egiten hasi zen, jendea bere koadroak erosten hasi zen, eta zenbait sari irabazi zituen. «Hor erabaki nuen nire ogibidea artea izango zela. Gaurdaino», eutsi du.
Hogeita bost urte baino gehiagoko ibilbide oparo honetan, era askotako proiektuetan murgildu da. Esaterako, HITZA-rako komikiak egiten ditu, baina horiez gain, muralak, marrazkiak, koadroak edota instalazioak ere margotzen ditu.
Judasek oso oroitzapen onak dauzka artearen munduan eman zituen lehen pausoez, eta argi zuen bere helburua arteaz bizitzea zela. «Burugogorra naiz, eta artea egingo nuela erabaki nuen. Hori da aukeratu nuen bidea. Bertan murgiltzeko askotariko lanak egin ditut, jakinda esfortzu horiek guztiak nire ametsa betetzeko zirela. Hasierak politak dira beti, niri ez zait gogorra egin mundu honetan murgiltzea. Maite dudana egiten dut», adierazi du sortzaileak.
Proiektuak eta estiloak
«Beti nabil proiektuekin eskuartean, beti nabil kanabera botata lan berrien bila», zehaztu du Arrietak. Momentu honetan Txinan dabil pare bat proiekturekin, eta urte amaierarako edo datorrenaren hasierarako, erakusketa bat ere egingo du Bilbon.
Kontziente da artearen munduak dedikazio eta esfortzu handia behar duela, eta ordu luzeak eskaintzen dizkio bere ogibideari. «Beti nabil marrazten, hogeita lau ordu ematen ditut lanean nire gauzekin. Nire gasolina da egunero lan egitea, marraztea eta zirriborroak egitea. Nire lanek nor naizen islatzen dute», adierazi du sortzaile hondarribiarrak.
Arrieta margolari tradizionalen artean hezi zen, baina gerora, pintura akrilikoak edota espraiak ere erabiltzen hasi da bere artelanak egiteko. «Obrak irudikatzeko eta gozatzeko bide berriak erabiltzen hasi naiz. Telebista edo bideo-jokoekin lotura duten artelanak ere osatzen ditut. Irudi eta gai hauek nire esperientziaren inguruan hitz egiten dute. Komikien erreferentziak, super heroiak, munstroak edota film eta eleberrien eraginak ere nabari daitezke nire lanetan. Denetik egiten dut».
Artistak euren gauzekin lanean daudenean beti konfinatuta daudela adierazi du Arrietak, «gure pentsamenduak, iritziak eta hausnarketak zabaltzen». Hori dela eta, martxoko itxialdia ez zitzaion gogorra egin, eta bizi dugun egoerarekin, lanean jarraitzea inspirazioa izan da harentzat. Judasek argi dauka jendeak bere lanak eta obrak ikusten dituenean «bidaia atsegin batean» murgildu nahi dituela. Hortaz, ez du koronabirusak eragindako egoerarekin lotutako ezer sortu nahi. «Ez dut nahi jendeak errealitate gordin honen inguruan hausnartzerik nahi. Errealitatean aurki daitezkeen gauza atseginak erakutsi nahi ditut, horiei garrantzia emanez. Gaixotasunaren inguruan mintza naiteke, baina ez dut uste gauza horien inguruan margotu nahi dudanik».
Pasioa
Hondarribiarraren artelanak bere sare sozialetan edota web orrian eskura daitezke. Horrez gain, duela urte batzuk sortu zuen online denda batetik ere lor daitezke produktuak: Art Toy Gama izena du. «Artista naiz, ekoizten dut eta urteak daramatzat erakusketak egiten. Gertatzen dena da obrak saltzeko artekari gutxi daudela. Hortaz, 2014an lagun batekin murgildu nintzen proiektu honetan nire lanak eta beste artista batzuenak saltzeko».
Mundu globalizatuak sortutako egoeraren harira, planeta osoko artisten lanak saltzen dituzte, gehienak Euskal Herritik kanpokoak. «Interneten laguntzarekin ez dugu pentsatzen gure bezeroak soilik Euskal Herrikoak izango direnik. Mundu osoko bezeroak ditugu eta salmenta gehienak hemendik kanpo doaz».
Judas ziur da pasioz bizi daitekeela, eta gizakia zoriontsuago bihurtzen dela gustuko duenean lanean. Lana eta pasioa ez direla etsai uste du. «Ez da zaila pasioa ogibide bihurtzea. Zaila dela pentsatzeak mugatzen zaitu. Pasioa ogibide bihur badezakezu, zoriontsuago biziko zara, nahiz eta gutxiago irabazi. Gakoa ez da aberatsa izatea, baizik eta daukazunarekin bizitzen jakitea eta daukazuna baloratzea».