[Elkarrizketa] "Bizilagun sareak garrantzitsuak dira indarkeria igartzeko"
Sexu heziketa eta indarkeria matxistaren prebentzioan egiten du lan irundarrak, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleekin, besteak beste.
Itsaso Cañada Peñak (Irun, 1988) sexu heziketan eta indarkeria matxistaren prebentzioan egiten du lan haur eta gazteekin. Interbentzio sozialak, komunitarioak eta indibidualak egiten ditu. Indibidualei dagokienez, informazio eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituzte, presentzialki zein online.
Nork jasaten du indarkeria matxista?
Ideia batean oinarritzen da, hau da, jaio baino lehen ekografia bat egiten diguten momentuan eta ikusten denean jaio behar den pertsona horrek alua edo zakila daukan, espektatiba batzuk egiten dira pertsona horrekiko. Zakila badu, espero da mutila sentitzea, maskulinoa izatea eta neskak izatea gustuko. Alua badu, espero da neska sentitzea, femeninoa izatea eta mutilak izatea gustuko. Arau hauek apurtzen dituen edonork jasan dezake indarkeria matxista. Adibidez, mutil bati ikastetxean marikoi deitzen diotenean, hori indarkeria matxista da. Transfobia eta homofobia indarkeria matxistak dira. Gainera, gizarteak ez dio balio bera ematen mutil edo neska izateari, horregatik, neska izateagatik bakarrik nahiz eta araurik ez hautsi, indarkeria sufri dezakegu. Kasu honetan, indarkeria sexista izango litzateke.
Itxialdian argi geratu da emakumeek zailtasun gehiago eduki dituztela laguntza soziala edo instituzionala bilatzeko. Zer egin beharko litzateke zerbitzuak hobetzeko, egoera hau ekiditeko?
Kontutan hartzekoa iruditzen zait itxialdian nola berpiztu diren bizilagunen arteko harremanak. Bizilagunak seguru aski errazago detektatu dezake zerbait gertatzen ari dela paretaren bestaldean. Mugimendu sozialetatik kanpo, beste espazioetan laguntza sareak sortzea garrantzitsua da. Gainera, prebentzio neurriak direla-eta ezin dugu libreki harremanak eduki, eta hortaz, errazago isola dezake erasotzaileak biktima. Bizilagunen sareak oso garrantzitsuak dira egoera hauek ekiditeko.
Zaintzaren inguruko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, zuk aipatzen dituzun sareek funtzio hori beteko lukete, ezta?
Orain, osasun krisian, bai osasun eta bai zaintza lanetan, %70 emakumeak dira. Zer esan nahi du horrek? orain gauden egoera honetan emakumeok, printzipioz, koronabirusa hartzeko arrisku gehiago daukagula. Beraz, gure ingurukoei transmititzeko aukera gehiago dauzkagu eta kulpa sentimendua areagotzen da.
Emakunderen datuek diote, itxialdian 5.963 indarkeria matxistari lotutako interbentzio egin zituztela. Gainera, Bidasoan jadanik aurreko urtean baino salaketa gehiago jaso dira. Zein hausnarketa egiten duzu salaketa igoera honen inguruan?
Alde batetik, krisi egoeratan areagotu egiten da biolentzia. Bestetik, hainbeste igo baldin badira salaketak edo kasuak, jakin nahiko nuke zenbat kasu egon diren benetan. Badakigu eta, kasu denak ez direla salatzen. Niretzat nahiko harrigarria da itxialdi egoera batean non ezin dugun etxetik atera eta askotan erasotzailea gure etxean bizi den, zenbateko igoera izan den jakin izanak.
Itxialdian, zer nolako prekarietate instituzionala jasan du indarkeria matxista jasaten duenak?
Segun eta pertsona. Indarkeria matxista jasaten duenaren profila ez da profil konkretu bat. Klase sozial, kultura… desberdinak daude. Geroz eta baldintza okerragoak izan, horrelako krisi batek are gehiago eragiten dizu, argi eta garbi. Telefono bidezko zerbitzura jotzea erasotzailearekin bizi zarenean oso zaila da. Etxetik kanpo dauden momentuak aprobetxatu beharko lirateke laguntza eskaintzeko. Irakurri nuen farmazietan galdera zehatz bat egiten bazen, langileek ulertu eta lagundu egiten zutela. Hala ere, behin laguntza eskatuta emakumeari espazio seguru bat eskaini beharko genioke. Bestetik, genero indarkeriaz gain itxialdian beste eraso asko areagotu dira, adibidez Internet bidez egiten den indarkeria. Internet bidezko eraso gehienak era publikoan izaten dira baina ezkutuan sufritzen ditu biktimak.
Donostiako Emakumeen Etxea ezagutzen duzu, bertan lan egiten duzulako. Zein da bertako edo emakume etxe baten funtzio nagusia?
Espazio ezberdinak daude, alde batetik zerbitzuak izango genituzke, eta bestetik tailerrak. Zerbitzuetan badago psikologia zerbitzua, laguntza juridikoa, emakume taldeak, neska taldea ere… Indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat zerbitzuak daude. Gero, emakume migratuentzat ere badago tituluak homologatzeko laguntza, hau da, askotariko zerbitzuak dituzte.
Horrez gain, tailerrak ere badaude. Alde batetik autodefentsa feminista tailerra egiten da urtero, brikolajea ere ikasten da, lantzen da sexualitatea, artea… Mila gauza ezberdin lantzen dira hainbat tailerren bitartez. Gero hizlariekin ere ekintza eta emanaldi asko egiten dira bertan.
Bidasora hurbilduz, indarkeria matxista jasanez gero, salatzeko edo laguntza eskatzeko Ertzaintzarengana joatea besterik ez dago. Zer pentsatua ematen du?
Beraien eskumena izateak, benetan laguntza eskaintzeko edota jasotzeko aukerak mugatzen ditu. Genero indarkeria gertatzen ari denean, askotan ez da kanpotik ikusten den bezala, hots; erasoa jasan duena bazara ez da hain erraza konturatzea zer gertatzen ari zaizun.
Pixkanaka gertatzen den joera bat da: lehenengo indarkeria psikologikoa, gero soziala… Indarkeria matxista jasaten duzula konturatzen zarenerako, kontrolatu ezin duzun egoera batean oso murgilduta egoten zara, zeinetan iristen zaren puntu batera biolentziak eztanda egiten duen. Momentu horretan biktima ohartzen da eta salatzea planteatu dezake. Bai, egia da pertsona batzuk bertara joango direla salatzera, baina berriz ere diot, oso beharrezkoak direla gure inguruan sareak eratzea egoera hauek atzemateko. Sare hauek izan daitezke talde feminista bat, bizilagun elkarte bat, edota Emakumeen Etxean topatu duzun tailer bat non ezagutu dituzun beste emakume batzuk kontatu dutenak euren esperientziak eta esatea, ‘hara! niri ere hori gertatu zitzaidan!’. Era honetan, has zaitezke pixkanaka identifikatzen zer den pasatzen ari zaizuna.
Oso zaila izango litzateke identifikatzea laguntzarik gabe gertatzen ari zaizuna, erremintak eta espazioak behar dira, eztandara iritsi gabe.
Irunen Emakumearen Etxea egituratzeko prozesu parte hartzailea abian da (nahiz eta gelditu egin duten) Zer espero duzu prozesu honetatik?
Orain, aukera bakarra Ertzaintzarengana joatea da, eta beraz, zer espero dugu herriko jaietan matxismoa onartzen duen udaletxe batengatik?
Irunen erroldatua egotea eskatu dute prozesu parte hartzailean egoteko. Nolako profilak egon beharko lirateke prozesu parte hartzailean?
Taldeetako kide ez diren emakumeak dira, hain zuzen, behar gehien dituztenak. Elkartu gabe daudenak. Ari zara kanpo uzten emakume pila bat, nik uste dut gutxienez beharko genituzkeela 12 urtetatik 16 urtetara hainbat emakume, 16-23 tartekoak ere hainbat, 23-30 tartekoak, 33-43koak… Eta emakume anitzak, benetan ikusteko emakume gehienen errealitatea.
Bestetik, zer da emakume izatea? Zein pertsona onartuko dituzte leku honetan? Alua duten pertsonak, edo zer? Erroldatuta daudenak? Nortasun agirian emakume jartzen dienak?
Zergatik da garrantzitsua elkarteek parte hartzea?
Azkenean elkarteek daramatelako berdintasunaren alde lanean aurretik, identifikatu dituztelako herriko beharrak eta ari direlako honetan.
Zein zerbitzu uste duzu beharko lukeela Irungo Emakumeen Etxeak?
Alde batetik, aurretik biltzen ari ziren emakumeak biltzeko espazio bat beharrezkoa da. Espazio bat elkartzeko, elkarte edo talde ezberdinak elkartzeko eta elkar partekatzeko bizitzen ari diren esperientziak edo ikusten ari diren beharrak, eta hauei aurre egiteko. Azkenean, elkartuta edo banatuta gauden emakumeak elkartzeko eremu bat.
Bestetik, harrera espazio bat edozein gauza gertatzen baldin bazaizu indarkeria matxistarekin lotuta, joan ahal izateko. Nik uste dut hauek izango liratekeela funtsezko zerbitzuak.
Ahalduntzeko espaziorik gabe, posible da saretu?
Ez dago sareak eratzeko modurik. Azkenean, elkartzen baldin bagara taberna batean edo elkarte batean, guztiz informala bilakatzen da dena. Gero, udalean eta herrian ematen zaion garrantzia eta interesa ere hutsala bada, non geratzen da boterea? Noski ahalduntzea beharrezkoa dela, emakume guztiongan, bai Irunen eta bai eremu guztietan, eta horretarako espazioak sortzea guztiz beharrezkoa da.
Eta zertan eragiten du informaltasunak?
Alde batetik, abantailak izan ditzake: erosoago izan daiteke taberna batean edo eremu pribatu batean elkartzea, baina bestetik, garrantzia kentzen dio bilera horri. Formalagoa bilakatzen den momentutik errazagoa da ondorio batzuetara iristea. Finkoagoa bilakatzen da saretzea. Orduan, hamar pertsonek garrantzia ematetik, laguntza instituzionala jasotzera pasatzen da eta hala, taldearen aldeko apustua egiten dute erakundeek. Instituzioek taldeak ez badituzte balioan jartzen, sareetako kideak erretzea eta nekatzea eragin dezakete.
Bestalde, Irungo Udalak antolatzen ditu emakumeentzako ikastaro batzuk, adibidez, autoestimu eta autodefentsa tailerrak, eta proposamen interesgarriak dira. Hala ere, parte hartzen dutenen adinean arreta jarriz gero gehienetan berrogei urtetik gora dauzkate. Eta oso ongi dagoela uste dut, horrela atzematen baitugu badagoela behar bat eta badaudela emakume asko badutenak beharra gai hauek lantzearena. Baina nola iristen gara neska gazteengana? Etorkizuna beraiengan dago.