Urte amaiera bitarteko eta datorren urtera begirako proposamenak azaldu dituzte.
Alderdiak aurkeztutako aurrekontuak bi ardatz dituela azaldu dute: urte amaierarako planteamendua eta datorren urteko aurrekontuetarako proposamena.
Urtea amaitu baino lehen, 2020.urteko aurrekontuak guztiz erabiltzea eskatu dute, gizarte laguntzetan eta Itxeki programaren baitan.
Urte amaiera bitarte dirua zertan erabili erabakitzeko, udalean dauden alderdi guztien artean adostasun batera iristea proposatu dute. Azaldu dute, 985.243 euroko aurrekontua adostu zela gizarte zerbitzuetara bideratuta eta esan dutenez, 244.587 euro erabili dira.
Alokairuari zuzendutako laguntzei dagokienez, etxebizitza hutsen OHZren errekarguaren ordain sarien baliokidea den partida bat ezarri behar dela uste dute Hondarribiko sozialistek.
Alokairuko eta komunitateko gastuek diru sarreren %30 gainditzen dien familiei zuzendutako laguntzak izan beharko luketela uste du Hondarribiko PSE-EEk. Udalak alokairu gastuen %50 bere gain hartzea nahi dute. Horretarako, 350.000 euroko aurrekontua aurreikusten dute.
Datorren urteko aurrekontuei begira, ostalaritza sektorea jasaten ari den krisiari aurre egiteko kontsumo bonuen planteamendu berri bat behar dela dute iritzi. Hori dela eta, 2021. urteko aurrekontuetan behar hau kontutan hartu behar dela adierazi dute.
Herritarren artean musukoak doan banatzea eskatu dute, pandemiak irauten duen bitartean. Eibarren egin duten bezala, musukoak banatzeko makinak jartzea da euren ideia.
Online egiten diren tramiteetan, laguntza behar duten hondarribiarrei laguntza eskaintzea planteatu dute. Diotenez, laguntzak eskuratzeko interesa duten herritar batzuk, ez dute laguntza eskatzen ez dakitelako internet bidez eskaera egiten. Iosu Alvarezen hitzetan ”gizartea ez dago prest tramite guztiak online egiteko”