Indarkeria matxista salatzeko programazioa aurkeztu dute
Emeki Elkarteak eta udalak, pandemia egoerak ezarritako prebentzio neurrietara egokitutako jarduerak aurkeztu dituzte.
Agerraldia egin zuten atzo Hondarribian azaroaren 25ari lotuta egingo direnen berri emateko. Txomin Sagarzazu alkateak hasi zuen prentsaurrekoa, esanez ez garela eguna ospatzen ari. Bere hitzetan, “eguna erabili egingo dugu” gizartean dugun egoera lazgarri bati buruz gogoeta eragiteko eta gure jardunak zuzentzeko. Beraz, alde horretatik oso pozik dagoela adierazi zuen, egoera honen aurrean udaletik eta herri ekimenetik eta kasu honetan, Emeki Elkartearen lanetik datorren lankidetza horretaz.
Indarkeria matxista urte osoko errealitatea dela azaldu zuen alkateak, baina bere iritziz noizean behin horrelako egunek mugarri izan beharko lukete.
Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak jarraitu zuen aurkezpena. Azaroaren 25a “emakumearen aurkako indarkeria” salatzeko eguna dela adierazi zuen, eta Hondarribiko Udalak berretsi egin duela borroka honekin duen konpromisoa. Itxialdiak biolentzia hau pairatzen duten emakumeak eta bere familiak arriskuan jartzen dituela esan zuen. Isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraituko dutela argitu zuen aldi berean. Aurkeztu dituzten jardueren helburua, zinegotziak azaldu zuenez, herritarrei informazioa ematea eta indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzea da. Jarduerak honako hauek dira:
- Emakumearen aurkako indarkeriari ez leloarekin pankarta jarriko dute Kasino Zaharrean.
- Liburutegian irakurketa txoko bat sortuko dute. Bertan, hainbat gomendio egongo dira irakurgai. Liburuxka batzuk ere sortu dituzte, kontzientziazioa lantzeko.
- Emekik bideoklip bat grabatu du lau dantza akademiarekin batera. Bebe abeslariaren Ella kantua interpretatu dute. Datorren astean sare sozialetan zabalduko dutela aurreratu dute.
- Azaroaren 24an, 19:00etan, Kultur Etxean Las Chirlas antzerki clown obraz gozatzeko aukera egongo da. Clown mundua emakumeengana gerturatzea dutela asmo aldarrikatu du Larrartek ahalduntze tresna bihurtuz. Espektakulua amaitzerakoan, solasaldirako tartea egongo dela gaineratu du Larrartek.
- Azaroaren 28an, 19:00etan, Itziar Bollainen La Boda de Rosa filma proiektatuko dute.
Tamara Sastre eta Deiene Totorikaguena Emeki Elkarteko kideek hartu zuten hitza ondoren. Adierazi zuten azaroaren 25ean, Tizatu ekintza egingo dutela. Gazteek dinamizatutako eremu bat da, non gizarteari espazioa irekitzean datzan. Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak martxan jarriko duen programa izango da eta ekimen honen bidez, tratu onen mapa osatu nahi dute.
Gazteekin lan egiten duten eragile ezberdinei luzatu diete proposamena eta Totorikagunak ideiak harrera oso ona eduki duela esan zuen. Gazteek indarkeria matxistari buruz daukaten ikuspuntua bildu nahi da.
Urte osoari begira ere antolatu dituzte ekintzak. Esate baterako, argazkigintza tailer eta lehiaketa, eta antzerki taldetxo bat sortzea. Ondoren, Martxoaren 8an erakusleiho batean egingo duten lana aurkeztu nahi dute.
Sastrek aipatu du aurten zein ekintza egin pentsatzerako garaian, pandemia egoera erronka handia izan dela. Ahalik eta pertsona gehienengana iritsi nahi dutela azaldu zuen, eta horretarako, prebentzio neurriak betetzen saiatu direla.