EAJk uste du garaia dela 1936. urteko altxamendu faxistari lotutako Irungo memoria historikoa berreskuratzeko
Azken urteetan udalak memoria historikoa lantzeko hainbat partida onartu dituela esan dute baina programa bat garatzeko momentua dela uste dute.
EAJren iritziz 1936. urteko altxamendu faxistak eragindako gertaeren memoria historikoa egiteke dagoen lana da Irunen eta diotenez azken urteetan udalak hainbat partida onartu ditu memoria lantzeko programa bat garatzeko.
Hala ere, beraien hitzetan garaia da programa modu erabakigarrian bultzatzeko. Oroitzea eskubidetzat dute jeltzaleek, oroimena berreskuratuz demokrazian sakontzen dela uste dute.
Egia, justizia eta erreparazioa aztertzeko beharrari jaramon egiteko Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak urrats sendoak eman dituztela dio EAJk, irailaren 15ean Espainiako Gobernuak onartu zuen Memoria Demokratikoaren Lege berri baten bidez.
Irungo Udalbatzaren gehiengoak lau urterako 200.000 euroko partida bat sortzea onartu zuela azaldu dute, memoria historiakoaren programa sustatzeko. Programak lau ardatz dituela adierazi dute: ikerketa, lekukotasunen bilketa, gerra eremuen berreskurapena eta amaitzeko, sozializazioa,pedagogia eta dibulgazioa.
Altxamendu faxistaren harira hainbat galdera erantzuteke daudela diote jeltzaleek, adibidez, hirian izandako sutea edota bonbardaketa; Endarlatsa, Aldabe mendia edo Behobiako liskarrak. Gertakari horiek bizitu eta sufritu dituzten geroz eta pertsona gutxiago daudela Irunen gogorarazi dute eta hortaz, nabarmendu dute testigantza horiek biltzea geroz eta premiazkoagoa dela.
Aurrekontua onartuta dagoen arren, EAJk uste du udalak urrats gutxi eman dituela memoria historikoa lantzerako orduan. Horregatik, gai honetan osoko bilkuraren agindua garatzeko eskaera egin diote udal gobernuari.
Amaitzeko, jeltzaleek adierazi nahi izan dute udal gobernuari Irunentzat egokiak diren kontuak kudeatzen laguntzeko prest daudela.