Euskaraldia berritasunekin dator: ariguneak
Euskaraldia aurkeztu da gaur udalean. Aurten kanpaina ariguneak sortzean zentratu dute.
Udala dagoeneko bada arigunea. Horrela hasi du Maria Serrano kultura zinegotziak Hondarribiko Euskaraldiaren aurkezpena. Duela bi urte hasi zen lehenengo Euskaraldia Euskal Herrian eta oraingoan berrikuntza nagusia ariguneak dira, hau da, euskaraz lasai aritzeko guneak. Herritarrek izena emateko epea atzo ireki zen azaroaren 19 arte. Berriro ere hamabost egunez belarriprest edo ahobizi izateko aukera dago azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Udalaren orrialdean Euskaraldiaren atal berezia sortu dute eta bertan herrian arigune berri bat sortzeko atala dago.
Hondarribiko entitateekin harremanetan ibili dira Serrano eta Igor Enparan dinamizatzailea, aurten bereziki ariguneak sortu direla-eta. Helburua entitateek behin Euskaraldia amaitutakoan jokabide berdinarekin jarraitzea dela azaldu du dinamizatzaileak. Arigune izatera animatu dituzte tabernak, dendak eta entitate desberdinak eta esan dute jada herriko establezimendu askok eman dutela izena.
Udaleko Euskaraldiaren dinamizatzaileak argitu du, belarriprest eta ahobizi rolak ez daudela euskararen ezagutzarekin lotuta. Norberak hartzen duen konpromisoarekin baizik. Adibide baten bitartez azaldu du zeinentzat den belarriprest jarrera eta zeinentzat ahobizi: “Ni euskaldun zaharra naiz eta euskaraz hitz egiten badakit. Baina nik dauzkadan arrazoiengatik, ez dut lehen hitza euskaraz egitekoaren konpromisoa hartuko. Orduan, belarriprest izateko izena eman dezaket. “
Alderantziz gerta daitekeela ere gaineratu du: “Ni euskaraz ikasten ari naiz, ez naiz ongi moldatzen baina ohartu naiz oso erronka polita izan daitekeela Euskaraldiaren olatua aprobetxatzea, euskaraz gehiago praktikatzea eta beraz, ahobizi izatearen konpromisoa hartuko dut.”
Sareetan informazio guztia jaso daitekeela esanez eta Herri Batzordean parte hartzeko aukera dagoela gogoraraziz amaitu dute saioa.