Kultura eskaintza zabala udazkenean
Urriko agenda kulturala aurkeztu du gaur udalak.
Udako kultur ekitaldien balorazio positiboa egin ostean, udazkeneko agenda kulturala aurkeztu dute gaur Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Osotasunean 19 jarduera kultural antolatu dira urrirako, diziplina desberdinetakoak. Kontuan hartu dituzte prebentzio eta segurtasun neurriak, hala azaldu dute.
Datorren asteko ostiralean (urriak 2) hasiko da udazkeneko egitaraua, jada jokatzen ari den zesta punta txapelketarekin.
Zehaztu dute Kasino Zaharreko lorategietan zenbait jarduera mantenduko dituztela eta berriz ere Itsas Etxea Audiotoriuma irekiko dutela ekitaldiez gozatzeko. Edukierari dagokionez, 122 pertsonek ahalko dute sartu Itsas Etxera.
Eñaut Elorrietaren kontzertua nabarmendu nahi izan dute, urriaren 16an izango dena. Azaroan argitaratu zuen Irteera Argiak diskoa aurkeztuko du, besteak beste.
Antzerki eskaintza zabala ere izango da, adibidez, Zaldi Urdina antzezlana. Urtebete daramate antzezlana aurkezten eta hilaren 11ean Itsas Etxera joango dira.
Aurten ere Fenomena 2020 musika jaialdiaz disfrutatu ahalko da. Oraindik ez dute zehaztu zein musika talde edo musikarik joko duten, baina bai zein egunetan izango den: urriaren 10 eta 11n.
Hilabete bukaeran, hurriaren 24an, Kukai Dantza Taldearen Fair play ikuskizuna iritsiko da herrira. Dantza eta futbola uztartzen dituen koreografia dantzatuko dute. Kasino Zaharreko lorategietan izango da eta sarrera doakoa da.
Silanes zinegotziak azarorako agenda prestatzen dabiltzala adierazi du.