Auzoka dinamika bigarren fasera pasako da hurrengo astean
Abotsanitzen helburua herritarrak entzutea eta haiengana gerturatzea da, euren kezkak eta iradokizunak zeintzuk diren jakiteko.
Udalera begira egiten duten lanketa egiteko eta eraginkorrak izateko, ezinbestekotzat jo du Abotsanitzek herritarren kezkak eta iradokizunak entzuteko Auzoka dinamika martxan jartzea. Igor Enparanen hitzetan, alderdiaren jardunak ez dauka zentzurik ez badituzte lehen eskutik beharrak ezagutzen. Auzoka abuztuan hasi zen eta azaroa arte luzatzea espero dute. Helburua herritarrak entzutea eta haiengana gerturatzea da, euren kezkak eta iradokizunak zeintzuk diren jakiteko.
Dinamikaren lehen fasean 1.200 kartel itsatsi zituzten egitasmoaren berri emanez eta iradokizunak egiteko helbide elektronikoa zabalduz. Hasteko, zortzi auzotara gerturatu dira, zehazki: Puntala, Alde Zaharra-Zezen plaza, Amute-Kosta, Portua, Muliate-Tximista-Biteri, Soroeta-Madalengain-Sokoa, Arkolla eta Gornutz. Fasearen balorazio “oso positiboa” egin dute, auzo guztietatik jaso dituztelako ekarpenak.
Datorren astean bigarren faseari ekingo dio Abotsanitzek, auzoetan bilera irekiak eginez. Astero auzo bakoitzean bilera bana egitea da asmoa, eta beste hainbat kartelen bidez ohartaraziko dituzte auzokideak. Lehen bilera asteartean (hilak 29) Puntaleko eskola zaharrean izango da.
Bukatzeko, zailtasunak izan dituztela adierazi dute. Gaur bileren datak eta lekuak zehaztu nahi zituztela esan dute, baina ezinezkoa suertatu zaiela baieztatzea izan ere, udal lokalak erabili nahi dituzte eta ez dute udal gobernuaren erantzunik jaso. Lupe Queirugak Abotsanitzeko kidea: “Akaso, EAJk ez du herritarren kexarik entzun nahi”.
Onartu dute pandemiagatik bizi den garaia ez dela hoberena gisa honetako iniziatibak aurrera eramateko, eta horrek ere zaildu egiten duela egitasmoaren garapena.