Mugikortasun jasangarriarekiko konpromiso falta leporatu dio Alvarezek EAJren udal gobernuari
Alkateari galdetu dio ea non dauden 2019.urtean mugikortasuna hobetzeko onartutako 400.000 euroak.
Europako kotxerik gabeko egunean bi kanpaina aurkeztu zituen alkateak, bata gidariek herrian zehar ibiltzeko kotxea har ez zezaten eta bestea errepide batzuk 30 km orduko abiadurara mugatzearen alde. Alvarezentzat ordea, mugikortasun jasangarriarekiko konpromiso falta dago udal gobernuaren aldetik.
Bere ustetan herrian dagoen mugikortasun arazoa konpontzeko “interes falta” dago. Alkateari galdetu dio ea non dauden 2019.urtean onartutako 400.000 euroak, zeintzuk horietatik 200.000 euro garraio publikoa sustatzera bideratuta zeuden eta beste 200.000 euro markesinak jartzera.
Alvarezek aipatu du inbertsio hauek ez daudela 2020ko aurrekontuetan eta kredituen aldaketetan ez dira ageri.
EAJk Hondarribian duen ingurumen eta jasangarritasunaren inguruko diskurtsoa “hutsala” dela adierazi du eta politika “ez eraginkorra” egiten dutela leporatu die bozeramaileak. Erantsi du marketin eta publizitatearen beharra duela udalak “kudeaketa txarrari” aurre egin ahal izateko.
Amaitzeko, sozialistak hiri formatu berri baten alde daudela adierazi du Alvarezek.