Hondartza denboraldia "ongi" joan dela esan du udalak
Balantze positiboa egin du Txomin Sagarzazuk COVID-19 gaitzak eragindako zailtasunak eta ohitura aldaketak kontuan hartuta.
Hondarribiko Udalak hondartza denboraldia estimatzeko, segurtasun neurriak bermatzeko aldaketak kontuan hartu ditu. Alkatearen hitzetan “hondartza eremu segurua da” eta hala izan dela ondorioztatu du.
Aurten uztailean hasi zen ofizialki hondartza denboraldia, nahiz eta ekainean hasi Gurutze Gorria bere zerbitzua eskaintzen.
8.800 pertsonentzako edukiera zegoela ikertu zuen udalak, baina alkateak argitu duenez, aurreko urteetan bero egun handienetan, ez zen 4.500 erabiltzaileen kopurua gainditu. Beraz, edukiera ez da arazo izan. Onartu du, hala ere, aurten edukiera kontrolatu beharra zegoela eta neurri batean Nik Hondartzak aplikazioari esker izan dela.
Ekitaldirik antolatu ez izanak edota aldagelarik ez edukitzeak ohiko jarduera geldiarazi du, eta Sagarzazuk eskerrak eman nahi izan dizkie herritar eta bisitariei, “denei, izan duten jarreragatik.”
Bukatzeko, udal langileak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gurutze Gorria eskertu nahi izan ditu. Aldi berean oroitarazi du, nahiz eta denboraldia amaitu, prebentzio eta higiene neurriak errespetatzen jarraitu behar dela.