Lesbosen dagoen Zaporeak proiektua babesteko 5.000 euroko dirulaguntza eskatu du Abotsanitzek
Irailaren 9an Moriako kanpalekuak su hartu zuen, bertan bizi diren errefuxiatuen bizi baldintzak okertuz.
Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundea Greziako Lesbos irlan dabil euren proiektua gauzatzen eta atzo, Hondarribiko Udalari dirulaguntza eskatu zion Abotsanitzek proiektua babes dezan.
Sugarrek erabat kiskali zuten 3.000 pertsonentzako pentsatuta zegoen kanpalekua, bertan bizi ziren 13.000 iheslariri beste kanpaleku bat sortzera bultzatuz. Sutea antza, koronabirusaren hedapenaren aurrean erakundeek erantzun ez izanaren kontrako protesten ondorioa da, alderdiak esplikatu duenez.
Azaldu dute Zaporeakek egunean 1.500 otordu eskaintzen dituela eta oraingo krisi humanitarioaren aurrean, asko hazi dela egunean sukaldatu beharrekoa. Hori dela eta, Hondarribiko Udalak 5.000 euro bideratu ditzan eskatu dute.