Udal talde sozialistari ondo iruditzen zaio ikasleei musukoak banatzearen erabakia, baina "urritzat" jo du
Pertsona eta familia zaurgarri guztiei musukoak banatzeko eskatu du Iosu Alvarezek udal gobernuari.
Hondarribiko PSE-EEk poztasunez jaso ditu udal gobernuaren erabakiak. Iniziatiba batzuk haiek proposatu zituztela argitu du Iosu Alvarez eledunak, adibidez, herriko ikastetxeekin elkarlana sustatzea edota herritar guztiei musukoa banatzea.
Ados azaldu da Alvarez ikasleei bina musuko banatzearekin, baina “urritzat” jo du neurria. Izan ere, taldearen ustetan pentsiodunei, langabezian daudenei, errenta baxua dutenei eta ERTEak eragin dienei ere banatu beharko liekete. Bi seme-alaba dituzten familiek musukoak erosten hilabetean 75-155 euro bitarteko gastua daukatela esplikatu du Alvarezek. Datu hauek Kontsumitzaile eta Eragileen Erakundearen (OCU) ikerketa batetik atera ditu.
Pertsona zaurgarriei buruz esan du beraien beharrak direla-eta musuko garestienak behar dituztela, hau da, FFP2 musukoak; eta askok ezingo dietela gastu honi aurre egin. EAJren gobernuari sentikorragoa izan dadin eta beraien proposamena babes dezaten eskatu dio.
Eibarko Udala jarri du eredu, bertan musukoak banatzeko makinak jarri dituztelako hiritarren eskura, musukoak doan eskuratzeko aukerarekin.
Amaitzeko, udal gobernuak ez lituzkeela neurri haoriek gastutzat hartu beharko esan du, inbertsio moduan baizik.