Irun Zuzenean Ficoban da irailaren 26an
Sua,Kulto Kultibo eta Carolina Durantek joko dute aurtengo edizioan. Sarrerak asteartean (hilak 22) egongo dira eskuragarri.
Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak aitortu du azken urteetan antolatu duten anbizio handieneko edizioa dela, nahiz eta osasun neurriak direla eta formatua egokitu behar izan duten.
Aurten Ficobako hirugarren pabiloira pasa dute ekitaldia, eta Eizagirre zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie erakustazokakoei, “elkarlana eta erraztasuna” eskaintzegatik. Azaldu dutenez denbora epea izan dute oztopo, baina adierazi du udalak argi izan duela kultura zaindu nahi izan dutela bizi dugun krisi honetan.
Hiru taldek joko dute aurtengoan, Sua, Kulto Kultibo eta Carolina Durantek.
Sua: Maruritik datorren taldea da. Ukitu elektronikoak laurogeita hamargarren hamarkadako indie rockarekin eta post-punkarekin nahasten dituzte, beti ere esperimentatuz eta inprobisazioari lekua utziz. Taldea musika sortzearen beharretik jaio zela aitortu zuten Ane Barrenetxea (ahotsa), Janire Lopez (baxua eta teklatua), Julen Wright (gitarra) eta Esteban Gabiriak (bateria). 2019. urtean Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten.
Kulto Kultibo: Irungo rap-reggae musika taldea da. 2010. urtean sortu zuten Peca, Samu, Seta eta Aimarrek. Gaur egun bost disko dituzte grabatuta eta hainbat elkarlan ere egin dituzte. Estatu mailan ezagunak dira eta kontzertu asko egitera iritsi dira. Zenbakiez gain, La Esencia diskoak eman dio euren musika ibilbideari ate berri bat irekitzearen aukera: hip-hop estiloan sartu ziren.
Carolina Durante: Indie-rock musika sortzen duen Madrileko talde hau argitaratu zuen lehen abestitik egin zen ezaguna. Zehazki Cayetano abestiak egin zituen ezagun, espainiar gizon estereotipo batez mintzo dira. Laurogeigarren hamarkadako soinu madrildarrak ekartzen dituzte gogora eta new wave generora gerturatzen dira.
Egitarauaren ordutegia honakoa da:
- 19:00tan Sua
- 20:00tan Kulto Kultibo
- 21:00tan Carolina Durante
Ateak 18:15ean irekiko dira eta gomendatu dute segurtasun neurriak osotasunean bete ahal izateko denborarekin gerturatzea.
Sarrera doakoa da baina gonbidapena eskuratu beharko da. Pertsona bakoitzeko bi sarrera banatuko dira eta asteartean (hilak 22) ahalko dira lortu.
Formatu aldaketak osasun eta prebentzio neurriak bermatuta egon daitezen izan dira:
- Sarrera eta irteera desberdinak izango dira
- Entzuleak eserita egon beharko dira
- Komunera joateko bakarrik ahalko da zutitu
- Distantzia mantendu beharko da
- Edukiera 400 pertsonakoa izango da
- Musukoa jantzita eraman beharko da