Guztion Alardeak ez-jaietan izan diren "ekitaldi eta adierazpenen" inguruko hausnarketa egin du
Ez egokitzat jo dute Alarde Fundazioak Guadalupeko Amabirjinari botoa berritzea bere kabuz egin izana.
Talde gisan lehen aldiz bizitu dituzte herriko jaiak edo hobe esanda ez-jaiak. Hori dela eta, aurtengo festetan eginiko adierazpen eta ekitaldien inguruko hausnarketa luzatu dute Guztin Alardea taldekoek.
Hasteko, hondarribiarren gizartearekiko ardura eta konpromisoa nabarmendu nahi izan dute, osasun krisia dela medio.
Aurten Alarde Fundazioak ekitaldi pribatu baten bidez botoa berritu izana eta honen ondorioz banaketa sortu izana “ez-egokitzat” jo dute. Gaineratu dute “Hondarribiko herriaren ordezkari” gisa beraien burua aurkeztu zutela, “1639tik egin dena” baztertuz.
Errespetuarekiko iritzia ere eman dute. Diotenez egun hauetan zehar asko hitz egin da errespetuaz, defendatuz bakoitzak Alardea bere moduan ospatzeko eskubidea daukala, eta hori horrela errespetatu behar dela. Aldiz, Guztion Alardetik diote bakoitzak bere kabuz ospatuko balu festa, Alardearen funtsa galduko litzatekeela.
Izan ere, hausnarketan Alardea familiarteko, lagunarteko eta joan direnak oroitarazteko ospakizuna dela aldarrikatu dute, “batasunean ospatzeko eguna”. Haien ustez, senide batzuek eguna banatuta ospatu beharra Alardearen izaeraren aurka doa, eta ez dute konponbidetzat ematen.
Hurrengo urteko jaiei dagokienez, Alardearen gatazkan ardura dutenei denbora hitz egiten hasteko probesteko eskatu diete. Konponbidea nahi dutenak gero eta gehiago direla adierazi dute.