Ixabel Alkain, erreferente Lanzaroteko Playa Honda ikastetxean
Astelehenean jakin zen txio baten bidez Lanzaroteko Playa Honda ikastetxean Ixabel Alkain emakume erreferentetzat zutela.
Ixabel Alkain (Hondarribia, 1961) Jaizkibel Konpainiaren sortzaileetako bat izateaz gain, lehenengo kapitaina ere izan zen. Hasieran, bera kide zen emakume talde batek alardean sartzea erabaki zuen, inork ez baitzuen espero baimena eta onarpena beharko zenik libreki herriko jaien parte izateko.
Espero ez zena gertatu zen, herriko beste konpainietako kideek eta beste hainbat herritarrek ez zuten onartu emakumeen parte hartzea. Ez zuten arduradun politikoen babesa jaso. Orduan, gaur egun arte luzatu den gatazka hasi zen. Batzuk feminismoan oinarritu zuten borroka eta beste batzuk tradizioa aitzakiatzat hartu eta alarde eredu patriarkalaren defentsa abiatu zuten.
Aste honetan, txio baten bidez Lanzaroteko (Kanariar Uharteak, Espainia) Honda herriko Bigarren Hezkuntzako Playa Honda ikastetxetik etorri zaigu berria. Izan ere, ikasgeletako ate batean ikasleek sortutako kartel bat ikus daiteke non Ixabel Alkain den protagonista. Mezua honakoa da: Jaizkibel konpainia mistoaren sortzaile eta lehen kapitaina izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoaren mapa bat ere marraztu dute, Hondarribia bertan kokatuz.
Martxoaren 8an Emakumeen Eguna ospatzen da mundu osoan zehar, eta horregatik egin zuten ariketa hau Kanariar Uharteetako irla honetan. Emakumeen eskubideen alde egiten duten eta egin zuten emakume erreferenteak gogorarazi zituzten, horien artean Ixabel Alkain.
Playa Honda eskolan, Berdintasun Saila dute HITZAk jakin duenez, eta haien bidez jakin dute Hondarribiko emakume erreferente eta borrokalari honen berri.
HITZA gaiaren gaineko erreportaje bat prestatzen ari da. Hilaren 25eko papereko astekarian zabalduko du.