'Mugi zaitez' mugikortasun kanpaina aurkeztu du gaur udalak
Igandean Zuloaga kalea itxiko dute higikortasun ohituren inguruan hausnartzeko.
Gaur aurkeztu dute Hondarribian Mugi zaitez kanpaina. Mugikortasuna aurreko agintalditik udalaren ardatza dela esanez hasi du Txomin Sagarzazu alkateak agerraldia, Egiluze ikastetxearen aurrean. Bertan kokatu baitituzte herriko distantziak neurtzen dituen karteletako bat, non leku desberdinetatik oinez, bizikletaz edota autoz mugitzeko zenbat denbora behar den ageri den.
Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak argitu du aurtengo mugikortasun astean ez dela ekitaldirik egongo, baina kanpaina martxan egongo dela. Hainbat neurri hartuko direla azaldu du, esate baterako, orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarriko da autoentzat herri barruko errepideetan.
Jarduera bakarra egingo dela ere esplikatu du Ingurumen zinegotziak. Irailaren 20an izango da, Europako kotxerik gabeko egunaren harira: Zuloaga kalea itxiko dute, taxiei eta garraio publikoarentzako utziz.
Halere, mugikortasun ohituren inguruan hausnartzeko garaia dela uste du Silanesek, bere ustetan ohiturak aldatuta hiria jasangarriagoa eta seguruagoa izango litzatekeelako.