Txikimusika iritsi da musika, birziklapena, sorkuntza eta irudimena batuz
Trakamatraka izeneko proiektuarekin itzuli da kalera larunbatean egingo den haur eta helduentzako ekitaldia
Kasino Zaharreko lorategietan ospatuko da 2020.urteko Txikimusika, larunbatean (hilaren 19an). Arratsaldeko 19:00tatik aurrera gozatu ahalko dute bai haurrek bai helduek Trakamatraka proiektuaren tailerrez eta kontzertuaz. Ohartarazi dute eguraldi txarra egiten badu, Soroeta pilotalekuan egingo dela.
Eguneroko elementuak nahastuko dituzte, sormenari eta irudimenari bidea eginez, birziklapena landuz eta musika sortuz. Gaiaren oinarria ingurumenarekiko errespetua da, eta tailer eta kontzertu didaktikoen bidez, musika modu atseginean hurbiltzen saiatzen dira, eta, aldi berean, birziklatzea mundu hobe baterako bidea dela kontzientziatzen arituko dira.
Udaletik jakinarazi dutenez, osasun-neurri berrietara egokitu da ekitaldia: ingurua mugatuko dute, edukiera kontrolatuko da eta musukoaren erabilpena derrigorrezkoa izango da. Besteak beste ezingo da zutik egon, eserita baizik.
Sarrera doakoa da, baina gonbidapena ezinbestekoa izango da. Gonbidapenak lortzeko Arma Plazara edo udalaren orrialdean ageri den web orrialdera jo beharko da.