Hondarribia Grand Slam hasiko da hilaren 18an
Hurrenez hurren bost ostiraletan jokatuko dira zesta punta partiduak 14.Hondarribia Grand Slam txapelketan.
Aurtengo 14. Grand Slam zesta punta txapelketa egungo osasun egoerara egokituta izango da. Hilaren 18an hasi eta urriaren 16an amaituko da eta partidu guztiak arratsaldeko zortzietan eta bederatzietan jokatuko dira, Jostaldin.
Mikel Egiguren antolatzaileak zehaztu duenez, bi taldetan egongo da banatuta lehiaketa:
A Taldea:
- Goiko-Irastorza
- Beaskoetxea-Lopez
- Barandika-Mancisidor
B Taldea:
- Olharan-Etcheto
- Hormaetxea-Minvielle
- Olha-Del Rio
Juan Luis Silanes kirol zinegotziak aipatu du hasiko den txapelketa desberdina izango dela, urtero gastronomiarekin uztartzen zelako ekitaldia eta oraingoan osasun prebentzioak direla medio ez delako horrela izango.
Hala ere, nabarmendu du garrantzitsuena “festa, Jostaldi eta Hondarribia” direla eta herriko pilotari gazteentzat inportantea izan zela pasa den urtean herriko goi-mailako jokalari batek parte hartu izana. Izan ere, era honetan herritik herriarentzat antolatuta dagoenaren kutsua ematen dio lehiaketari.
Bai Egigurenek bai kirol zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkiete Hondarribiko Pilota Eskolari.
Segurtasun neurriei dagokienez, metro eta erdiko distantzia mantendu beharko du publikoak, musukoa jantzita eraman beharko da eta banaka egon beharko da eserita. Gainera, ikusleak euren eserlekuetan esertzen laguntzeko eta protokoloa bermatzeko laguntzaileak egongo direla baieztatu dute udaletik.
Sarrera bakoitzak bost euro balioko du, gastronomia ekitaldia ezean.