Abotsanitzek 'ez-jaien' ardura osoa herritarren esku utzi izana leporatu dio Udalari
Udal gobernuak informazio eta prebentzio puntuak herritarrentzat gaitu ez izana salatu nahi izan du,besteak beste, Abotsanitzek argitaratu duten 'ez-jaien' balorazioan.
Herritarren jarrera goraipatzeaz eta txalotzeaz gain, nabarmendu dute Udalak ez duela inolako prebentziorik hartu gaur egungo osasun egoera dela eta. Alderdiak dioenaren arabera, Udal gobernuak hartu duen neurria “polizia kalera ateratzea izan da”, kontuan hartu gabe gainontzeko udal taldeak laguntzeko prest azaldu zirela.
Kultur ekitaldiak eremu seguruak direla demostratu den arren, adierazi dute kultur programazio osoa bertan behera uztea akatsa izan dela. Udal Taldeak gaineratu du elizkizunak salbu beste ekitaldi kultural guztiak ez gauzatu izana kultura sektoreari “azken kolpea” ematea izan dela eta Txomin Sagarzazu alkatea inprobisatzen aritu dela “eguna joan eta eguna etorri”. Inprobisazioaren froga gisa adostutako testurik ez egotea, edota botoaren berriztapenaren inguruan azken momentu arte zer gertatuko zen jakin ez izana aipatu dute.
Alardeari buruz
Alarde Fundazioak botoaren berriztapenean parte hartu ez izanak “lehendik zegoena baino zatiketa gehiago eragin duela” baieztatu du Abotsanitzek eta kritikatu egin du ekitaldi pribatu eta intimo bidez Fundazioak haiek “herriko ordezkari” zirela esan izana. Alderdiaren ustetan Hondarribiko Udalbatza osatzen duten 17 zinegotziek osatzen dute herriaren ordezkaritza, ez beste inork. Hori dela eta, urtero bezala Udalbatzak botoak berriztatu ditu.
Udal-taldeak dio “alkatearen determinazio faltak” eragin duela adierazi duten inprobisazio guztia. Aurten Amaitzeko azaldu dute Alarderik gabeko jaiak izan direla baina udal gobernuaren “konpromiso ahulak” ez duela ekidin herritarren arteko liskarra. Udalari eskatu diote behingoz apustua egin dezan eta jarrera tinkoa ager dezan, hori eginez gero Abotsanitzen babesa jasoko luketela.