Glifosatoaren erabilera etetea erabaki du Hondarribiko Udalbatzak
Hondarribian ez dira gehiago erabiliko glifosato herbizidan oinarritutako produkturik. Abotsanitzek aurkeztutako mozioak alderdi guztien babesa jaso zuen atzo.
Atzo eginiko udalbatzarrean glifosatoaren erabilera debekatzea erabaki zuen Hondarribiko Udalbatzak. Gauzak horrela, udal lorezainek eta azpikontratatuko enpresetako langileek ez dute glifosatoa erabiliko haien jardunean. Abotsanitzek aurkeztutako mozioak erabateko babesa jaso du, Hondarribiko Udalan ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki baitzuten glifosatoa debekatzea.
Polemikaz inguratutako herbizida da glifosatoa. Abotsanitzek emandako datuen arabera, mundu osoan gehien erabiltzen den herbizida da, izan ere, produktu “eraginkor eta oso merkea” da. Dena dela, frogatuta dago ingurumenarekiko oso kaltegarria dela eta Osasunerako Munduko Erakundearen arabera, minbizia eragin dezake.
Udalbatzak glifosatoaren erabilera etetea erabaki izana “txalotu” egin du Abotsanitzek, Hondarribia “atzotik berdeagoa” dela nabarmenduz. Gainontzeko alderdiek mozioarekiko agertutako jarrera aintzat hartu dute Abotsanitzen “udal gobernuko kideak konprometituta ikusi genituen glifosatoaren erabilerarekin amaitu eta beste alternatibak erabiltzeko”.
COVID-19ak “modu osasuntsuago eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoan bizitzeko beharra” erakutsi duelakoan, Glifosatoari “ezetz esatea” urrats garrantzitsutzat jo du Abotsanitzek. Honako hauek dira, mozioan bildutako bost puntu zehatzak.
- Hondarribiko Udalak ez du glifosatoa osagai duen produkturik erabiliko herriko belardi, parke eta lorategietan.
- Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintza enpresari glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko dio.
- Hondarribiko Udalak herriko nekazariei glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko die.
- Europako Batasuneko legedia errespetatuz, udal araudi bat egingo da osagai hori duen produkturik erabili behar duen edonork legedia errespetatu dezan eta kutsadura kalteak herritarrek ez ditzaten pairatu.
- Informazio kanpaina egingo da hondarribiar orok ezagutza izan dezan bitarteko ekologikoak egokiagoak direla beti gure ingurune, osasun eta biodibertsitatearen ikuspegitik.