EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Hondarribiko Plan Orokorra
2017ko ekainean EAJren botoekin onartutako plan orokorrak kolokan utzi dezake Zaldunborda bezalako 'outlet' erraldoiaren eraikuntza.
Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) baliogabetzea erabaki du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. 2017ko ekainean onartu zuen Hondarribiko Udalbatzak plana EAJren aldeko botoekin, eta Alkain, Eroski eta Nautica Aldats enpresek aurkeztutako helegitea partzialki onartu ondoren, plana bertan behera uztea erabaki dute Ana Isabel Rodrigo, Angel Ruiz y Jose Antonio Alberdi epaileek. Eskapatxulo eremurako aurreikusitako proiektua dela-eta sartu zuten helegitea aipatutako enpresek.
Sententziak, Zaldunbordako proiektuaren aurkakoa ez bada ere, outlet erraldoia ahalbidetzen duen plan orokorra bere osotasunean indargabetu du. Horrez gain, 1.566 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen HAPOak, horietatik 891, %57a, publikoak edo babes ofizialekoak, eta beste 656 erregimen librean. Era berean, garapen berriko jarduera-lurzoruetarako 33,7 hektarea proposatzen zituen Hondarribiko udal-barrutirako.
Alkatearen oharra
Txomin Sagarzazu alkateak oharra plazaratu zuen bart, epaia aztertuko dutela adieraziz, baita Auzitegi Gorenera jotzeko aukera zabalduz ere. Albiste “ona” ez dela iritzita, “bi txosten sektorial” ez aurkeztu izanagatik indargabetu dela plana adierazi du. Alegia, hirigintzari dagokionez auzitegiak “arrazoia ematen diola Hondarribiko Udalari” dio Sagarzazuk, ez ordea, zenbait prozedura “formaletan”. Telekomunikazio txostena eta lurzoruen balio agrologikoaren gaineko txostena ez aurkeztu izanak eragin duela indargabetzea argudiatu du agintariak.
Hala, Auzitegi Gorenak sententzia berretsiko balu, alkatearen iritziz, “hiriaren garapen urbanistikoaren alorrean martxan dauden proiektu asko neurriz kanpo geldiaraztea ekarriko luke, eta interes orokorrarekin zerikusia duten hainbat gairi eragingo lioke, hala nola etxebizitzen sustapen publiko zein pribatuen gauzatzeari, eta jarduera ekonomikoen eremuen garapenari, horien artean, Zubieta eta Zaldunborda Gaina”.