Txilibituak, isilik aurten
Irungo alarde parekidearentzat "gogorra" izan da erabakia hartzea. Jaizkibel konpainiak, Hondarribian, "alde bakarreko erabakia" gaitzetsi du.
Uda giroko festen denboraldia hasi berri da. COVID-19ak baldintzatuta, bertan behera utzi behar izan dituzte batzuk, eta ezohiko moduan ospatuko dira beste batzuk. Irungo sanmartzialek goiburu asko sortzen dituzte: ekainaren 23an dira hastekoak, eta alardea izan ohi da ekitaldi nagusietako bat. Bi alarde egiten dituzte herrian, eta alarde parekideko kideek apirilean iragarri zuten ez zutela desfilerik egingo.
“Apirilean begi bistakoa zen ezinezkoa izango zela alardea egitea, ezingo genituelako bermatu osasun neurriak, ez barruan eta ezta kanpoan ere”, esan du Maite Bergara Irungo alarde parekideko jeneralak. Erabakia argi bazuten ere, “zaila” egin zitzaien publikoki adieraztea. Erreferentzia gisa, erabakia hartu zuten astean bertan iragarri zuten Iruñeko sanferminak ez zituztela ospatuko.
Alardeak jende multzo handia biltzen du bai konpainietan eta baita espaloietan ere, eta, Bergarak nabarmendu duenez, eurek ez dute egin nahi polizia lanik: “Herria ikuslez gainezka egoten da beti, eta, gainera, festetan aztoratu egiten gara denok. Guri dagokigunez, ezin ditugu neurriak betearazi; ezin gaituzte horretara bultzatu”. Erabakia hartzea “gogorra” izan zela onartu du, baina errealitatea “are gogorragoa” dela baietsi du alarde parekideko jeneralak. “Pandemia izan da benetako drama: gaixotasuna bera, bakardadea, hildakoak… Oso serioa izaten ari da dena”. Hori bai, “min” ematen die alardea bertan behera utzi behar izateak. “Denok nahi dugu normaltasuna”.
Ekainaren 30ean ez dira kalera aterako: ez dute egingo jende multzoak elkar ditzakeen ekitaldirik. “Guztion festak dira sanmartzialak, eta, baten batek ezin badu parte hartu, ez dugu hor egon behar”. Alarde parekidearen jarduna, baina, ez da gelditu: sare sozialen bitartez hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreratu du jeneralak, eta Facebook, Instagram eta Telegram kontuei adi egoteko eskatu du. Gauza “bitxiak eta politak” prestatu dituztela —eta gehiago prestatzen ari direla— azaldu du Bergarak. Alarde mistoak “festa eta aldarrikapena” uztartzen dituela eta berdintasunaren aldarria ez dela hoztuko ere ziurtatu du. “Urte osoan ari gara horretan lanean, eta berdin jarraituko dugu”.
Egoera ezberdina da ondoko herrian, Hondarribian. Alardeko konpainietako bat da Jaizkibel, ez da alarde osoa, eta Alarde Fundazioko buruek —denak gizonezkoak— erabaki dute irailaren 8an ez dela alarderik egongo. “Alde bakarreko erabakia” dela salatu du Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kapitainak. “Hori gertatzen da jaietako ekitaldi garrantzitsuenetako bat esku pribatuetan uzten duzunean”.
Jaizkibel konpainiak, maiatzaren 17an, gutun bat bidali zion Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari, eta bi gai jarri zituzten mahai gainean: Hondarribiko festak irailaren 8ko alardea baino askoz gehiago direla, eta mahai bat osatzea, eragile guztien artean jaiei buruzko erabakiak hartzeko. Alde horretatik, Etxebarrietaren ustez, Alarde Fundazioaren erabakiak ez luke eraginik izan beharko gainontzeko ekitaldietan. Alkateak joan den asteko asteartean erantzun zion Jaizkibel konpainiari “premia handiagoko gaiak” lantzen ari zirela, hondartzen kudeaketa eta haurrentzako zerbitzuak, besteak beste. Artean udako kultur egitarauari eta festei ez zietela heldu jakinarazi zien alkateak. “Esan digunez, pare bat aste barru helduko diete gai horiei, eta elkarlanerako prest gaudela gogorarazi diogu guk. Ez dugu jaso ez baiezkorik eta ez ezezkorik, baina erantzuna jaso dugu, behintzat”, azaldu du Etxebarrietak.
Ikasteko denbora
Gauza asko erabakitzeko daudela berretsi du Etxebarrietak. “Gu, festetako ekitaldi batzuen antolatzaile gisa, prest gaude gainontzekoekin adosteko zer egin dezakegun; apaltasunez eta arduraz”. Alardeaz gain, Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria ere antolatzen dute herrian, eta ekitaldiak antolatzen dituzten beste eragile eta tabernariak bilduko dituen mahai bat ere osatu nahi dute: “Denen artean erabaki behar dugu zer egin dezakegun eragina ahalik eta txikiena eta gozamena ahalik eta handiena izan dadin”.
Hiru hilabete falta dira festetarako. “Behingoagatik” denbora alde izango dutela eskertu du Etxebarrietak. Jaizkibel konpainiak “herritarrek herritarrentzat” antolatutako festak ditu helburu, eta festen eredu berritutik ikasteko aukera izango dutela zehaztu du: “Gure festak ongi antolatzeko aukera bat izan daiteke hau”. Berdintasuna “egunero landu behar den zerbait” izango dela azpimarratu du, eta alardetik alardera “inoiz baino denbora gehiago” izango dutela eztabaidatzeko. “Aldundiari eta udalari elkarrizketa mahaiak jartzeko eskatzen jarraitzen dugu”.