15.000 erosketa bonu, hiriko denda eta tabernetan kontsumoa bultzatzeko
10 euroko 15.000 bonu baino gehiago eskuragarri izango dituzte herritarrek ekainaren amaieratik aurrera. Udazkenean bigarren fase bat helduko dela zehaztu du alkateak.
Jose Antonio Santano alkateak eta hiriko zenbat dendari eta ostalarik Irungo Udalak «saltoki txikietan eta ostalaritza establezimenduetan tokiko kontsumoa bultzatzeko». abiatutako azken proiektuaren berri eman dute gaur. Herritarren artean 15.000 bonu banatuko dituztela jakinarazi dute. «Orain inoiz baino gehiago gure komertzio txikiak eta ostalaritza babestu behar ditugu», esan du gaurkoan Santanok.
COVID 19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko abian jarritako Irun Aurrera planaren ekintzetako bat dela zehaztu du alkateak. Programaren lehen fasea udan aktibatuko dutela iragarri du, eta bigarrena, udazkenean. Helburua, irundarrek hirian bertan erosketak egitea da.
Horretarako, 10 euroko 15.000 bonu baino gehiago eskuragarri izango dituzte herritarrek ekainaren amaieratik aurrera. Abuztuaren 31era bitarte trukatzeko aukera izango da. Bonuek ez dute inolako formatu fisikorik izango. Bezero bakoitzak NAN zenbakia eman beharko du denda edo tabernan, eta programa informatiko batek herritar bakoitzak bonua zenbat alditan erabiltzen duen zenbatuko du.
Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek eskura ditzakete. Baldintzak, ondorengoak izango dira:
- Irundar bakoitzak gehienez 10 bonu erabili ahalko ditu.
- Bonu bakoitzarekin, gutxienez, 30 euroko erosketa egin beharko da dendetan. Hala, 10 euro horiez gain, bezeroak beste 20 euro xahutuko ditu. Tabernetan aldiz, bonuarekin egin daitekeen gutxieneko erosketa 20 eurokoa izango da; kasu honetan bezeroek 10 euro jarri beharko ditu.
- Erosketa ordaintzeko ezingo da erabili beste pertsona baten bonurik, hau da, erosketaren txartel bakoitza herritar bakar batekin erlazionatuko dute.
- Egitasmotik at geratuko dira soilik edari alkoholdunez osatutako erosketak.
Udalak, Bidashop eta Mugan-ekin batera, beharrezko informazioa emango die denda eta tabernari guztiei. Egitasmoan parte hartuko dutenek bereizgarri bat izango dute kanpotik ikusgai. Hiriko denda eta taberna guztiek ahalko dute bonu programan parte hartu, ondorengoak izan ezik: 400 metro koadrotik gorako elikagaiak eta edariak saltzen dituzten lokalak, gasolindegiak, estankoak, eta enpresa handien edo nazioarteko ezarpen handia duten enpresak.
Era berean, dendari eta tabernariek ez dute itxaron beharko kanpainaren amaierara, izan ere, bonuak astero trukatzea aurreikusten ari da udala.