Googlek diruz lagundu du HITZA, tokiko informazioa lantzeagatik
Tokiko informazioa lantzen duten eta beste inon argitaratzen ez den informazioa jorratzen duten komunikabide txiki eta ertainen lana sustatu eta bultzatu nahi izan ditu Googlek.
COVID-19aren pandemiak eragindako krisia dela eta, Googlek Larrialdi Egoeran Kazetaritzari Laguntzeko Funtsa atera zuen apirilean. Diru laguntza deialdiaren atzean koronabirusa badago ere, Googlek esan du laguntza horien helburua tokian tokiko eduki originalen ekoizpena bultzatzea dela. OARSO BIDASOKO HITZA laguntza horretara aurkeztu zen, eta Googlek hedabidea 5.000 dolarrekin laguntzea erabaki du.
«Laguntzen helburua da COVID-19aren gaineko tokian tokiko informazio originala eta beste inon argitaratzen ez dena sustatzea. Horretarako, komunikabide txiki eta ertainei laguntza eman nahi da», esan dute diru laguntza deialdia egin duen Google News Initiative saileko ordezkariek. Funts horrekin, «momentu kritiko» honetan finantzazioa errazteko laguntza eskaini nahi izan du Googlek.
Deialdiaren berri eduki eta eskaera egiteko baldintzak betetzen zituela ikusita, OARSO BIDASOKO HITZAk Googleri jakinarazi zion HITZAk bi eskualdeetako (Bidasoa eta Oarsoaldea) tokian tokiko informazioa landu eta horri zabalkundea ematen diola, bai papereko astekariaren bidez eta baita ere Internetez (bidasoa.hitza.eus eta oarsoaldea.hitza.eus). Horrez gain, HITZAk beste inongo komunikabideek lantzen ez dituzten gaiak lantzen dituela ere jakinarazi zion.
Diru galerak. Eskaera egiterakoan, HITZAk jakinarazi zuen baita ere pandemiak sortutako krisiaren ondorioz publizitatearen diru sarrerak nabarmen jaitsi direla eta bestelako diru laguntzak ere murriztu egin dituztela. Egoera horren aurrean, orain arteko eginkizunekin aurrera jarraitzea asko zaildu dela jaso zuen hedabideak laguntza eskaera egiteko agirian.
OARSO BIDASOKO HITZAk egin modura, mundu osoko ehun herrialdetatik gorako 12.000 komunikabide aurkeztu dira laguntza deialdira.
Laguntza deialdira aurkeztu diren komunikabideek, baina, ezin izan dute diru kopuru bat eskatu. Googleri informazioa bidali zaio, eta haiek baloratu dute zenbat diru eman.
Googlek gaineratu du komunikabide txiki eta ertainei lagundu egin behar zaiela egungo egoera digitalera egokitzen. «Guztiok bizitza errazagoa edukitzeko, jakintzak partekatu behar dira. Hori funtsezkoa da». Kalitatezko informazioan sinisten dutela diote, eta horregatik argitaratu zuten diru laguntza deialdia. «Horrez gain, teknologia berriek aukera berriak suposatzen dituzte. Bide horretan, arrakasta lortzeko elkarlana da gakoa».