Bost kontzertu eta ezusteko batekin dator 'Irun zuzenean etxean'
Maiatzaren 1ean, 19:00etatik aurrera Urbil Artola, Gorka Santalla, Antton Violinist eta Cliche eta Iñaki Estevez musikariak zuzenean arituko dira Instagramen.
Maiatzaren lehena (ostirala) kontzertu batean ospatzeko aukera izango da eta etxetik irten gabe. Irun zuzenean etxean programak egitarau zabala dakar aste honetarako. Zuzeneko bost kontzertu eskainiko dira programaren baitan. Azkenekoa, “ezustekoa” izango dela ziurtatu du Irungo Udalak.
Alarma egoerari lotutako mugikortasun murrizketek behartua, Irun zuzenean kalean jaialdia Irun zuzenean etxean bihurtu da. Online jaialdiak izandako arrakastari jarraiki, edizio honetan are eta indartsuago itzultzea erabaki dute Irungo Udalaren Kultur Sailak eta Men of Rock Musika Elkarteak.
Kontzertu guztiak, musikarien Instagram kontuetatik ikusi ahalko dira. 19:00etan Sorotan Bele aritutako eta gaur egun Howdy taldeko kide den Urbil Artolak emango dio hasiera online jaialdiari. 19:30ean, Malforta taldeko abeslari Gorka Santallaren txanda izango da. 20:00etan Antton Violinist. Ohikotasunetik harago eramango du Antttonek violina, jazz fusio eta bluesarekin nahastuz. 20:30ean etxekoen txanda izango da, Irungo Cliche talde gazteak joko baitu. Jarraian, 21:00ean Olimpia taldeko Iñaki Estevezek eta haren gitarrak hartuko dute erreleboa.
Jaia ordea, ez da Estevezekin amaituko. 21:30rako ezusteko bat izango dela iragarri du Irungo Udalak. Irungo abeslari batek emanaldi berezia eskainiko du Irun_informa Instragram kontuan.
Osteguna La Basurekin
Ostiraleko jaialdia girotzen hasteko beste proposamen bat dakar Irungo Udala Kultur sailak. Hilaren 30ean (osteguna) La Basu rap abeslari bilbotarrak kontzertua emango du Gazteartean programaren eskutik. Emanaldi hau ere, Irun_informa Instragram kontuan izango da ikusgai.